Urrutikoetxea Paris inguruan atxilotu zuten, urriaren 6an, eta, SudOuest egunkariak jakinarazi duenez, otsailaren 4an epaituko dute. Baigorriko polizia operazioaren ostean, Espainiak ETAren buruzagi bihur zitekeela uste zuelako eman zuen atxilotzeko agindua. Urrutikoetxeak bizitza arrunta zeraman Parisen; unibertsitate ikasketak egiten ari zen, eta han bizi izan da azken urtebetean.
Irailaren 22an egin zuten Frantziako eta Espainiako poliziek Baigorrin ETAren ustezko buruzagitzaren aurkako polizia operazioa. David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruzagiak atxilotu zituzten bertan, eta Flores atxiloketa gertaturiko aterpetxearen jabea da. Atzo utzi zuten aske.
Atxilotu eta bost egunera igaro ziren epailearen aurretik. Guztiak espetxeratzeko agindu zuen hark. Fiskalak "asmo terroristak dituen gaizkile taldeko kide" izatea egotzi zien. Garaztarra da sortzez, eta 50 bat urte ditu. Donibane Garaziko Kalaka ostatuaren kontra egindako operazioan atxilotu zuten, 2007an, ETAren finantza sarearekin lotura izatea egotzita.