Agoizko Instrukzio Epaitegiak Josetxo Andia Eguesibarko (Nafarroa) alkate ohia, Carolina Potau zinegotzi ohia eta Estefania Clavero gaur egungo hautetsia inputatu ditu, udaleko kudeaketan atzemandako irregulartasunengatik. Hirurak dira UPNko kide. Epailearen aurrean deklaratu beharko dute, azaroaren 28an. Claverok behin-behinean alderdia uzteko eskaria egin du, deklaratu arte. Inputatuta jarraitzen badu alderdia eta hautetsi kargua utziko dituela jakinarazi du.
Eguesibarko Udalean bertan osatutako ikerketa batzordeak atzeman ditu Eguesibargo Udalean 2004 eta 2012 artean izandako irregulartasunak —53, orotara—, UPNko Josetxo Andia alkate zela egindakoak. Hirigintza arloan alkateak eta UPNko hainbat kidek udaleko enpresa publikoekin sinatutako kontratuak dira irregulartasunen oinarria. Nafarroako Kontuen Ganberak ere irregulartasunen berri eman zuen ez aspaldi, eta txostena bidali zion Agoizko auzitegiari. Orain, hiru inputatuak prozesatzea erabaki du epaitegi horrek.