Egun batean hildakoen kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian

Beste 35 pertsona hil dira, aurreko ostegunetik erregistratutako kopururik handiena. Kasu berriek ere gora egin dute: 591 pertsona gehiagori detektatu diete gaitza.

Zarauzko malekoia hutsik. GORKA RUBIO
2020ko apirilaren 29a
16:27
Entzun

Azken egunetan hildakoen kopurua egunean hogei ingurukoa edo hori baino apalagoa bazen ere, gaur berriro igo da, 35 pertsona hil baitira azken orduetan. Kasu kopuruak ere goranzko joera daukala esan daiteke. Izan ere, atzo beste 656 positibo zenbatu zituen BERRIAk, eta gaur 591 izan dira, baina atzoko zenbakiak Baionako erietxeko 137 gaixoak hartzen ditu aintzat, eta ez dute adierazi horietako bakoitza noiz erregistratu zuten. Guztira, 21.127 pertsonari erasan die gaitzak.

Hildako kopurua da gaurko datu kezkagarrienetako bat, beste 35 pertsona hil baitira. Hori ostegunetik erregistratutako kopururik handiena da –51 izan ziren orduan–. Ordutik, zenbakiak jaisten ari ziren: astelehenean iragarri zen heriotza gutxien, hamabi; atzo, berriz, igoera txiki bat izan zen –14 hildako–, eta gaur nabarmen handiagoa izan da igoera. Datu esanguratsu bat izan da Nafarroan. Izan ere, atzo batere hildakorik iragarri ez bazuten ere, gaur hamasei izan dira.

Kutsatu kopuruaren igoerak ere ez du etenik, eta beste 591 gaixo antzeman dituzte. Nafarroan izan da igoerarik handiena, beste 254 kasu daude eta. Bizkaian ere nabarmen ugaritu dira kutsatuak (+245), eta igoera apalagoa izan da Araban (+58) eta Gipuzkoan (+34).

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak hitza hartu du Gobernu Bileraren ostean. Esan du hurrengo egunak «gakoak» izango direla kutsatzeak eragozteko, baita sintomak dituzten eta haiekin kontaktua eduki duten pertsonak identifikatzeko ere. Zahar etxeez ere aritu da Murga, bisitak baimentzeaz zehazki. Esan du bisitak baimendu daitezkeela, zentro bakoitzaren balorazio indibiduala eginda eta segurtasun neurriak mantenduta, inor kutsatuko ez dela ziurtatuz.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.