Ekaitz Ezkerra Laspeñas euskal presoak joan den urrian sei eguneko irteera baimen arrunta jaso zuen, Sorturen Presoen Batzordeko iturrietatik BERRIAk jakin duenez, eta, beste auto judizial bati esker, berriro erdietsi du kartzelatik egun batzuetarako irteteko balekoa. Horrelako baimena jaso duen EPPK-ko hirugarren kidea da Ezkerra donostiarra. Burgosko (Espainia) espetxean dago, bigarren graduan.
EPPK-koen artean lehenik irteera baimena Xabier Sagardoiri eman zioten, apirilean. Hiru egunez izan zen kalean, eta, ondotik, beste hiru baimen eman dizkiote. Soriako (Espainia) kartzelan dago. Alfredo Remirezek ere jaso zuen baimen bat, Zaballan (Araba) zegoela. Duela ia bi aste libre geratu zen Remirez, zigorra beteta. Bi haiek ere bigarren graduan zeuden baimenak erdiestean. Dena dela, instantzia desberdinak irteera baimenak ukatzen ari zaizkie bigarren graduan dauden beste euskal preso batzuei; besteak beste, Sebas Etxanizi —75 urte beteko ditu laster—.
Bigarren graduko presoek legez irteera baimenak lortzeko aukera dute. Urtean, gehienez, 36 egun har daitezke, urte osoan modu proportzionalean. Sagardoiri eta Remirezi euren espetxeetako Tratamendu Batzordeak eman zien baimena, baina Ezkerrari, aurreneko kasuan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko lehen atalak, aurretik Burgosko kartzelako Tratamendu Batzordea eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epailea aurka azalduta. Urriaren 4an atera zuen irteera baimenaren aldeko autoa Zigor Aretoak, Ezkerraren abokatuak helegitea aurkeztu ostean.
Ezkerrak bigarren baimena lortzeko, Espetxe Zaintzako epaileak jarrera aldatu du, eta eman dio irteteko aukera —azaroaren 5eko autoan—, espetxea berriz ere aurka agertu zen arren. Castrok auto horretan dio aurreneko baimenean ez zela ezer gertatu eta "koherentea" dela irizpide berarekin jarraitzea.
Ezkerrak lau hilabete barru beteko du kartzela kondena. Sagardoik ere bai.
Espainiako espetxe legegiaren arabera, hirugarren graduan diren presoek ere badute irteera baimenak jasotzeko aukera, baita baldintzapeko askatasunerakoa ere. EPPK-ko inor ez dago hirugarren graduan. Bigarrengoan, hamalau. Gaur egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 211 lagun daude Espainiako Estatuko kartzeletan.