Txus Martin presoa espetxean duten ordu eta egun bakoitzean Martinen bizia arriskuan jartzen ari direla ohartarazia dute haren medikuek eta senideek, baita herritarrek ere. Buruko gaitz sakona du presoak: nahaste eskizo-afektibo larria, delirioak eta paranoiak. Sendagileek azaldu dutenez, oso gaixo dauden euskal presoen artean Martinek du kaleratzeko premiarik handiena, eta presazkoa da berehala askatzea. Horixe aldarrikatzeko, egun beteko protesta bat antolatu du Herrira mugimenduak. Atzo hasi zen, 12:30ean, eta 24 orduz Bilboko Plaza Eliptikoa jendez, kartelez eta pankartaz beteta egongo da, aldarrikatzeko berehala aska ditzatela Txus Martin eta gaixotasun larriak dituzten gainerako presoak.
Eguzki gogorraren pean hasi zuten elkarretaratzea atzo, 200 bat herritarrek. Gaixo dauden presoen egoeraren berri emateko eskuorriak banatu, Martin berehala aska dezatela eskatzeko sinadurak bildu, eta Espainiako Gobernu ordezkaritzaren aurreko plaza pankartaz eta kartelez josi zuten. Han izan zen gaixo dauden presoen egoeraren berri emateko herriz herri dabilen anbulantzia itxurako furgoneta ere.
Martinen sendagileek azaldu dutenez, espetxean urteetan ezarri dizkiotenbakartzea, jazarpena, jipoiak eta baldintza gogorrak dira presoaren buruko gaixotasunaren sorburua. Hortaz, iturburu horretan egoteak gaitza larriagotu besterik ez dio egiten. Gainera, psikologoen esanetan, presoari ez diote ezartzen behar lukeen tratamendurik egokiena, eta ezarritakoa ere ez dute behar bezala betetzen.
«Pilulak amaitu dira»
Atzo bertan, egun txarra zuen presoak, senideek BERRIAri jakinarazi ziotenez. Triste zegoen Martin; «oso gaizki». Zergatietako bat, espetxean tratamendua era arduragabean ezartzen diotela: «Gaur ez diote eman depresioaren aurkako pilula; amaitu egin omen dira. Gogoak ematen diena egiten dute. Beti berdin!», kexu zen senidea, Martin askatzeko eskatzen duen pankartari eutsiz.
Eguerdiko lehen elkarretaratzearen ondoren, bertso saioa izan zuten plaza Eliptikoan bildutakoek. PPren egoitzara giza katean joan ziren ondoren, eta hitzaldia izan zuten gero, Jaiki Hadi medikuen taldeko kide batekin. Gaua plazan pasa, eta 12:30ean abiatuko den manifestazioarekin amaituko dute ekintza.
400 pertsona Zornotzan
Zornotzan, beste protesta jendetsu bat egin zuten atzo eguerdian: hango herritarrak diren Juan Jose Legorburu eta Iñigo Akaiturri askatu ditzatela eskatzeko, manifestazio bat egin zuten 400 pertsonak. Legorburuk zigor osoa 2009an kitatu zuen arren, 26 urte betetzen ditu gaur preso. Akaiturrik ekainean bete zuen zigorra, eta 21 urte darama kartzelan.
Eguneko 24 orduak, Txus Martin aska dezaten
Bilboko plaza Eliptikoan 24 orduz egindako protesta gaur amaituko da, 12:30ean, manifestazio bat eginda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu