Guztira 3.882 emakumek salatu dituzte tratu txarrak iazko ekainetik hona, 2005etik 2006ra epe berean salatutakoak baino 121 gehiagok (%3,21). Emakumeek eskatutako babes aginduen kopurua ere nabarmen hazi da (%47). Orotara, 1.936 eskabide egin dira epaitegi bereziak zabalik egon diren bigarren urtean; lehenengoan baino 614 gehiago, alegia. Auzi zibilei dagokienean ere gauza bera gertatu da: zibil arloko 421 auzi zabaldu dituzte auzitegietan iazko ekainetik hona, aurreko urtekoekin alderatuta 95 auzi gehiago (%29,1).
Emakumeen aurkako indarkeria arloko auzitegietan, oro har, zigor auzien kopuruak gora egin badu ere, ez da hala izan Eibar, Irun, Azpeitia, Bilbo, Amurrio nahiz Durangoko epaitegietan, auzi gutxiago izan baitira aurten. Bilbokoan jaitsi da gehien kopurua, %7,4, hain zuzen, 87 auzi gutxiagorekin.
Bereziki handia izan da babes neurrien eskaera kopuruen igoera Donostia, Gasteiz eta Barakaldoko auzitegietan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako epaitegietan egunero sei emakumek eskatzen dute babes-agindua. Inmaculada de Miguel Justizia Saileko Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendariaren ustez, «eraso matxisten biktima diren emakumeak gero eta gehiago jabetzen dira, salatu ez ezik, agindu horiek eskaintzen duten babesa ere eskatu behar dutela».
BARAKALDON SALAKETA UGARI. Lau auzitegi daude emakumeen aurkako indarkeriarako berariaz sortutakoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azken urtebetean salaketa gehienak Bilboko bi auzitegietan jarri ziren; 1.081 guztira. Donostiakoan 683 salaketa jarri dira iazko ekainetik hona, eta 664 Gasteizko auzitegian. Horien ostean, Barakaldoko epaitegia da salaketa gehien jaso dituena; 556, hain zuzen. «Barakaldon izandako salaketa kopuru garrantzitsuak argi uzten du justifikatua dagoela herri horretan emakumearen aurkako biolentziaren arloko berariazko epaitegia sortzeko Justizia Sailak Espainiako Justizia Ministerioari behin eta berriro egindako eskaera», adierazi du De Miguelek.
Bestalde, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako epaitegien gainean eginiko azterlanaren arabera, delitu portzentajea handienak tratu txarrei (%52) eta mehatxuei (21) dagokie.Halaber, batez beste, salaketa jarri eta 11 eguneko epean kaleratu dute epaia genero indarkeriaren arloko auzitegiek. Horietatik %73 zigor epaiak izan dira, eta akusatua %77an egon da ados ezarritako zigorrarekin. Halaber, ezarritako zigor nagusien %40 espetxeratzeak izan dira; %34 gizartearen onurarako lanak egitekoak; eta %23 erasotzailea uneoro non den jakin ahal izateko moduan egotekoak.
KASU LARRIEN ERDIAK SALAKETARIK EZ. De Miguelen ustetan, erakundeen ahaleginak gorabehera, «begien bistakoa da» salaketa kopuruak ez direla jaisten, bikotekideen esku hildako emakumeen kopurua hazi egin dela eta oraindik ez dela arazoaren benetako neurria ondo ezagutzen. «Arazoa ez dago kontrolpean, ezta gutxiagorik ere».
Hartara, Justizia Sailaren ustez «beharrezkoa da prebentzioa lantzea heziketaren, laguntza psikologikoaren, gizarte laguntzaren eta aldez aurreko aholkularitza juridikoaren esparruetan». Horrez gain, biktimek erasotzailearekiko izan dezaketen menpekotasun psikologiko zein ekonomikoa hausteko ekintza oro sustatzea garrantzitsutzat du Justizia Sailak.
Era berean, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko zigor arloko sistema ez dela nahikoa uste du Justizia Sailak. Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere. Hala, De Miguelen ustetan, ezinbestekoa da tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak konbentzitzea egoera hori amai dadin erakundeek eskatzen dizkieten baliabideei buruz informa daitezela eta babesa lehen unetik bertatik eska dezatela. «Frogatuta dago behin eraso egiten duenak, zoritxarrez, berriro ere egingo duela».
Emaztea jotzeagatik atxilotua Irunen
Ertzaintzak 33 urteko KH.P. gizonezkoa atxilotu zuen herenegun gauean Irunen, emaztea jotzea leporatuta. Kalean bertan izan zen erasoa, Arbes auzoan, bikotekidearen 22 hilabeteko haurraren aurrean. Biktimaren senide bat ere zauritu zen, haren eta ustezko erasotzailearen artean jartzerakoan.Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, deia jaso zuen Ertzaintzak herenegun gauean, 23:30ean, Arbes auzoko haurtzaindegi inguruan gizon bat bi emakumeri eraso egiten ari zitzaiela ohartaraziz. Bertaratzean, hainbat auzokide haur batekin emakume bat artatzen ari zirela eta gizon bat atxikita zutela ikusi zuten ertzainek. Emakumea eta haren senidea osasun zentro batera eraman zituzten, jasandako zauriak artatzera. Lekukoek ertzainei gertaeren nondik norakoak azaldu ostean, gizona, biktimaren senarra, polizia etxera atxilotuta eraman zuten.
Herrizaingo Sailak jakinarazi du atxilotua Alemanian bizi dela, eta Irunen oporretan zegoela, senide baten etxean.