Iazko azaroaren 13an Galiziako kostaldetik gertu hondoratu zen Prestige petroliontziak fuela isurtzen jarraizten du, eta fuel horrek Euskal Herriko kostaldera iristen jarraitzen du. Ekaineko eta uztaileko datuak aintzat hartuz gero, fuela eta fuelak kutsatutako materiala kontuan hartuta, batez beste sei tonatik gora zikinkeria biltzen dituzte egunero Euskal Herriko hondartzetan, Gipuzkoakoetan eta Bizkaikoetan, batez ere.
Marea beltzak ez du etenik, petrolio orbanek Euskal Herriko hondartzetara iristen jarraitzen dute, hondartzak beteta eta bainu denboraldia irekita dagoen sasoian ere. Egun jakin batzuetan, gainera, iritsi den fuel kopurua oso handia izan da, bai ekainean, baita uztailean ere: Gipuzkoako eta Bizkaiko hondartzetan 22 tona fuel bildu zituzten ekainaren 17an, eta 18,7 uztailaren 21ean. Hondartzek, baina, irekita jarraitzen dute, nahiz eta fuel asko iritsi den egun gutxi batzuetan zenbait hondartza itxi dituzten, Zarauzko eta Angeluko hondartzak, esaterako.
Guztira, Prestige> petroliontzia hondoratu zenetik, 5.000 tona fuel bildu dituzte Euskal Herrian. Ia 2.500 tona bildu dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko hondartzetan.Lapurdiko kostaldean, berriz, 2.600 tona fuel jaso dituztela dio CEDREk, Frantziako Uraren Kutsaduren Dokumentazio, Ikerketa eta Esperimentazio Zentroak.
Itsasoan bildutako fuel kopurua asko jaitsi da urte hasieratik hona. Atzo, esaterako, 1,2 tona fuel bildu zituzten itsasoan, urtarrilean eta otsailean bildu zituzten kopuruetatik oso urrun (1.260 tona urtarrilaren 26an eta 2.000 tona otsailaren 6an).>
Egunero sei tona fuel inguru biltzen dira hondartzetan
5.000 tona fuel inguru bildu dituzte jada Euskal Herriko kostaldean, 'Prestige' petroliontzia hondoratu zenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu