Eduardo Apodaka eta Idurre Eskisabel EHUko irakasleak eta Gaizka Aranguren kazetaria aritu dira eguneko lehen hitzaldian, Euskararen iruditeria eta diskurtsoa berritzen izenburupean. Ondoren, mahai ingurua egin dute Andoni Olariaga filosofoak, Eskisabelek eta Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak. Moderatzailea Alberto Barandiaran izan da.
Galdera zehatzak egin dizkie Barandiaranek hizlariei. Esterako: nondik eta zergatik eraiki euskalgintzak diskurtso berri bat? "Hobeto itsasteko, euskara berritu nahi dugunok garai berrietara hobeto egokitzeko", erantzun du Idurre Eskisabelek. Erdaldunei euskara "nola saldu" da galdera, Iñaki Martinez de Lunaren ustez; "hurbileko geltokietara" iristeko bidaideak topatu nahi ditu. Andoni Olariagak, berriz, Albert Einsteinen hitzak ekarri ditu gogora: "Erokeria da pentsatzea gauza berdinak eginda emaitza desberdinak lortuko ditugula". Abertzaletasuna "krisian" dagoela azaldu du, baina krisi horretan "abaguneak" antzematen ditu.
[Youtube]https://youtu.be/1lMOCVXn-xQ[/Youtube]
Subjektua eta feminismoaren irakaspenak
Subjektuaren indefinizioaz ere galdetu die Barandiaranek; Eskisabelek, ordea, uste du Ipar Euskal Herrian "protodefinizio bat" badagoela; nolanahi ere, euskalduna eta Euskal Herria definitzea ez dute hain garrantzitsutzat jo, "baizik eta ibiltzea, aritzea". "Helburu politikoa konpartitzen dugunok osatzen dugu subjektu politikoa, ez euskaldunok", erantsi du Olariagak.
Jardunaldiaren bi egunetan aipatu dute zenbait aldiz feminismoa, eta haren ibilbidetik euskalgintzak zein irakaspen atera ditzakeen galdetu du Barandiaranek. Eskisabel esperientzia pertsonaletik abiatu da; emakume nahiz euskaldun izateagatik naturaltzat jotako zenbait jokabideren aurrean, horiek "desnaturalizatzeko prozesua" ongi egin du feminismoak; Eskisabelen iritziz, euskarak, feminismoak bezala, auzi politikoa azaleratu behar du eta partikulartasuna unibertsaltasunaren eztabaidan jarri, finean unibertsaltasuna desagertzeko.
Iruditeria berritzeko saioak
Gutasuna eta euskal iruditeria berritzeko erak izan dituzte hizpide hirurek, bakoitzak bere ikuspegitik. Gaizka Aranguren: "Gero eta erreferentzia komun gehiago, gero eta Gu gehiago". Erreferente historiko komunen galera salatu, eta horiek sortu ez izanaz gogoeta egin du, erantsita imajinario kolektiboek nortasun politiko zehatzak sortzen dituztela.
[Youtube]https://youtu.be/uk53F2uo0Ww[/Youtube]
Eduardo Apodakak azpimarratu du euskalgintza eta estatugintza ez direla helmugak, eraikuntza lanak baizik, eta gaineratu estatu independentearen alde gehienbat jarduten dutenak euskaldunak direla. Euskal iruditeriaren harira, "Amaiur berri bat" proposatu du Eskisabelek: "Emakumeena, prekarioena, euskaldunena; demokratizazioan eta justizia sozialean sakontzearena". Irakurketa dramatizatu batekin eman diote amaiera jardunaldiari.
[Youtube]https://youtu.be/QGV28THviLs[/Youtube]
Ostegunean, estatugintzan eta herrigintzan euskarak duen eta izan behar duen pisua, lekua eta abar izan zituzten eztabaidagai.