«Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Hala dio JosAnton Artzeren esaldi ezagunak, eta atzo Donostian ikusi zena gizartearen isla bada, urte luzean biziko da euskara. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekitaldi antolatu zituzten Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Kutxaren Gizarte Ekintzak Gipuzkoako hiriburuan. Egitarau oparoa, 11:00etatik 22:00etara euskaraz jai giroan gozatzeko. Udaletxetik bisita gidatuak atera ziren egun osoan Euskararen ibilbidea egiteko. Euskara egunerokoan erabiltzeko beharra aldarrikatu zuten.
Bulebarreko Mintzodromoa zen eguneko ekitaldi nagusia. Aste osoan 1.500 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta atzo, Gipuzkoako hainbat alorretako ehun bat eragilek parte hartu zuten. Ekimena hasi baina hamar bat minutu lehenago jendez lepo zegoen ingurua. Talde txikitan elkartuta ikus zitezkeen futbolariak, politikariak, sukaldariak, idazleak zein musikariak. Batzuk, aspaldiko lagunak agurtzen, eta besteak, lagun berriak egiten. Guztiak lasai, irribarretsu, euskaraz hitz eta pitz; mingainak berotzen.
Hasi aurretik familia argazkia egin zuten kioskoaren aurrean. Mahaietan launaka eseri ziren gero, mingainak dantzan jartzeko prest. Euskaldun mihiluzeena jarri zuten esatari lanetan: Kike Amonarriz. Bete beharreko arauak errazak ziren: hamabost minutuko hiru txanda; tarteetan mahaitik altxa, eta beste batean eseri. Antolatzaileek hiru gai proposatu zituzten, gero edozertaz hitz egin zitekeen arren: lurraldea eta mugikortasuna; herritarrentzako zerbitzuak; eta komunikazioa, teknologia berriak eta harreman sistema berriak. Ase gabe geratu ziren gizarte eragileak antza, Mintzodromoa amaitzerakoan han geratu ziren eta ia guztiak. Nola ez, berriketan berriz. Euskararen alde kantuan biribildu zuten ekitaldia.
Abestea eta musika jotzea ogibide ditu Jabier Muguruzak, eta sinbolismoaren garrantzia nabarmendu zuen. «Txorakeri bat dirudi ehun lagun euskaraz hitz egiteko biltzea; baina hizkuntza kontuan oso garrantzitsua da. Maila sinbolikoak gizartean oso garrantzitsuak dira, lagungarriak». Muguruzaren ustez, gakoa hizkuntzarekiko lotura nabarmentzea da: «Euskara maite duzula transmititzen baduzu, hizkuntza zabaltzen eta indartzen ari zara».
«Ez da egun bateko kontua»
Dena dela, Mintzodromoan izan ziren eragile guztiek argi utzi zuten euskara zaintzea eta hizkuntzaren alde egitea ez dela egun bateko kontua soilik. Euskaraz egunero mintzatu behar dela azpimarratu zuten guztiek.
Hala, Eneko Goia Donostiako Udaleko EAJko zinegotziaren iritziz, euskara «arlo formalean» egonkortu behar da. Euskal Herriko erakundeetan euskarak «osasun maila desberdina» daukala uste du jeltzaleak. Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioetan «borondatea» dagoela iritzi dio, baina Nafarroako eta Iparraldeko egoera latzagoa da, haren aburuz. Krisi ekonomikoak baldintzatutako egunotan, hizkuntza eta hezkuntza «kontuan» izan behar direla esan zuen Goiak.
Iritzi berekoa da Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea. Bera buru den udalak egiten duen lana nabarmendu zuen, eta euskaran murrizketak egitearen kontra agertu zen: «Ezin dira murrizketak hortik abiatu, gure borondatea [Donostiako Udalarena] da euskaran murrizketarik ez egitea, alderantziz». Euskarak herrigintzan duen garrantziaz ohartarazi zituen parte hartzaile guztiak Mintzodromoa hasi aurretik: «Euskara benetan martxan jarri gabe, hiriaren alde egitea alfer-alferrikakoa da».
«Lehentasunak» aipatu zituen Ramon Agirre aktoreak. «Administrazioak bere lehentasunen artean euskara, euskal kultura eta euskal komunikabideak jarriko balitu, krisiak beste batzuek ordainduko lukete. Lehentasun kontua da».
Euskara bizirik egoteko, egunerokotasunean erabiltzea beharrezkoa da. Hala, Mikel Astarloza, Ion Ansotegi eta Markel Bergara kirolariek azaldu zuten beren taldekideekin euskaraz hitz egiteko ohitura dutela. Realeko aldagelan euskara nagusi dela adierazi zuten. Euskalteleko txirrindulariak ere multzoan euskaraz mintzo direla esan zuen, «nahiz eta taldeko zenbait euskal herritar ez diren euskaldunak».
Antolaketa lanetan buru-belarri zebilen Alex Aisia Donostiako Euskararen Udal Patronatuko teknikaria. Eragileen «borondate ona» nabarmendu zuen. Herritarrentzat «eredu» direlako erabaki zuten haiei deitzea. «Erreferenteek euskaraz natural-natural hitz egiteak hizkuntza sustatzen du».Haren ustez, pertsona ezagunek ere euskaraz egiten dutela erakutsi zuen Mintzodromoak.
Kontzertuak eta beste
Gasteizek eta Bilbok ere bat egin zuten Euskararen Egunarekin. Kontzertuek girotu zuten Arabako hiriburua Gaztehitz! ekimenean. Lain, Trumbo, Hesian, Kerobia, Txapelpunk, EH Sukarra eta Gatibu taldeek jo zuten. Bilbon ere hainbat ekitaldi txikik zipriztindu zuten euskara herritarren artean. Hiriburuetan ez ezik, herri askotan ere parte hartu zuten euskararen aldeko egunean.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Egunerokotasunari aldarria
Gipuzkoako ehun bat eragilek babestu dute euskara Euskararen Egunean, Donostian, Mintzodromoan parte hartutaGasteizen kontzertuak antolatu dituzte, eta Bilbon, berriz, hainbat ekitaldi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu