Egungo errauste plantako lanekin jarraitzea baztertu du Gipuzkoak

Proiektua atzeratu eta hondakinak kudeatzeko moduari buruzko eztabaida zabaldu nahi du diputazioak

Hondeamakina bat Zubietako gainetan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
inaki petxarroman
Donostia
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du errauste planta egingo, ez planteatuta dagoen bezala, behintzat. Horixe adierazi du Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak herrialdeko batzar nagusietako agerraldiaren ostean kazetariei egindako adierazpenetan. «Gobernu honek oso argi dauka aurreko legealdian planteatu ziren irtenbideak eta neurriak ez direla egokiak», esan zuen. Eta gaineratu Bilduren hauteskunde programa oso argia zela gai honen inguruan. Alegia, errauste planta atzeratzea eta hondakinak nola kudeatu erabakitzeko eztabaida zabaltzea proposatu du.

Hari horri tiraka, Alduntzinek eztabaida eskatu du mankomunitateetan, udaletan, hondakinen partzuergoan eta batzar nagusietan. Erakunde horietako batzuk oraindik osatu gabe daude, esaterako, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa, errauste plantaren inguruko erabakia hartu behar duena. Bai partzuergoan baita herrialdeko mankomunitate gehienetan ere —tartean San Markon— Bilduk gehiengo erosoa izango du nahi duen politika aurrera eramateko.

EAJk eskatuta egin zuen agerraldia Alduntzinek. Hain zuzen ere, Gipuzkoako hondakinen plan nagusiari buruzko iritzia galdetu zion EAJk. Ingurumen diputatuak adierazi zuenez, plan hori eguneratu egin behar da, datuak eta errealitatea ez direlako plana egin zeneko berak.

Alduntzinek gogorarazi du gaur egun hondakinen plana onartu zenean baino %16 hondakin gutxiago sortzen dela. Gainera, hondakinak biltzeko moduetan «aurrerapen handia» gertatu dela nabarmendu du, eta haiei esker posible dela hondakinen %80tik gora gaika bildu eta birziklatzea. Hondakinak biltzeko modu horien artean atez ateko gaikako bilketa aipatu zuen. Hala, planean onartutako irtenbideak berritu behar direla uste du Bilduren gobernuak. «Sortzen ditugun hondakinen %80 edo gehiago birzikla badaitezke, ez du zentzurik beste %15 edo 20arentzat planteatuta dagoenaren moduko errauste planta erraldoi bat egiteak».

Kazetariek galdetu zioten ea Bildu planteatzen ari den errauste planta txikiago bat egitea. Eta diputatuak honela erantzun zuen: «Ez dut halakorik esan».

PSE-EEk eta EAJk ohartarazi dute errauste plantako lanak geratzeak 160 milioi euroren galerak ekarriko dizkiela erakundeei. Azpiegitura bera 400 bat milioi euro kostatuko litzateke. Alduntzinek leporatu die «datu faltsuekin» herritarren artean «alarma» sortzea. «Azpiegiturak beharko dira, baina biltzeko moduak aztertu egin beharko dira, eta behar diren azpiegiturak eraiki». Erabakiak ahalik eta lasterren hartu beharko direla aitortu du.

San Markoko zabortegia berriz irekitzea baztertu du Alduntzinek, eta gogorarazi du herrialdeko gainerako zabortegiek ere ixtearen aldeko apustua egiten dutela.

Oposizioko taldeek —PSE-EEk, EAJk eta PPk— zehaztasun falta leporatu diote Bilduri, eta birziklatu ezin daitezkeen hondakinen zatiarekin zer egin behar duen argitzeko eskatu diote.

Greenpeacek ontzat jo du

Greenpeacek txalotu egin du aldundiaren erabakia. Ildo horretan, eskatu du hondakinen beste plan bat egitea, errauste planta baztertuta. Erakunde ekologistak gogorarazi du Gipuzkoako hainbat herritan hondakinen %90 ari direla birziklatzen atez ateko bilketaren bidez. «Agerikoa da aldi berri bat zabaldu dela eta diputazioak eta udalek gogor jardun beharko dutela dena erretzean oinarritutako eredua aldatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.