Egungo foru gobernua errepikatzea ezinezkoa litzateke Gipuzkoan

EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, eta PSE-EE bigarren geratuko litzateke; Hamaikabatek ez luke batzarkiderik lortuko

Koldo Aldabe.
Donostia
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo argitara emandako boto asmoari buruzko inkestak datu argigarri batzuk utzi ditu datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begira. Datu argigarriak faktore baten mende, betiere: ezker abertzalea gainontzeko alderdien eskubide berekin lehiatu ahal izatea hurrengo bozetan. Inkestak hori hala izango dela hartu du kontuan.

Eta faktore hori da inkestak erakutsitako Gipuzkoako mapa politikoa gehien baldintzatzen duena, bakarra ez izan arren.

EAJ nagusituko litzateke bozetan, botoen %24,28rekin, eta hamalau batzarkide lortuko lituzke -egun 16 ditu-. Egungo foru gobernuko koalizioa, ordea, ezingo litzateke errepikatu -2007an ezker abertzaleari balio gabetutako botoak kontuan hartu izan balira, koalizio hori ezinezkoa zatekeen gaur egun ere-, Hamaikabat-ek ez lukeelako batzarkide bakar bat ere lortuko, iragarri dioten %1,48rekin. Eusko Alkartasunak 2007ko bozetan eskuratutako zazpi batzarkidez jabetu zen Hamaikabat, batzarkide horiek EA utzi eta duela urtebete sortu zen taldera joan zirelako. Egungo 23 batzarkideren babesetik, beraz, 14ra jaitsiko litzateke Markel Olano diputatu nagusiaren gobernua.

Eusko Alkartasunari, berriz, botoen %6,99 aurreikusi dizkio inkestak, eta hiru batzarkide.

Duela hiru urte bezala, 2011n ere Gipuzkoan lehen indar izango direla ziurtasun osoz esaten ari diren arren, PSE-EE bigarren lekuan geratuko litzateke, botoen %21,29rekin, eta EAJk baino batzarkide bat gutxiago eskuratuko lituzke inkesten arabera; 13alegia (egun 16 ditu).

Legezkotasuna lortuz gero, ezker abertzalea litzateke Gipuzkoako hirugarren indarra, %16,11rekin, eta bederatzi batzarkide lortuko lituzke. Eta laugarren indarra PP litzateke, botoen %12,18rekin eta sei batzarkiderekin.

Aralar indartsu ageri da inkestetan, eta duela hiru urte EBrekin koalizioan joan zeneko emaitzetatik hurbil geratuko litzateke bakarka joanda; %9,45 eta bost batzarkide. Koalizioak %10,88 eskuratu zituen 2007an (balio gabetutako botoak kontuan hartuta) eta sei batzarkide ditu egun. Ezker Batuak botoen %4,59 jasoko lituzke eta batzarkide bat eskuratuko. EBtik bereizitako Alternatibak, aldiz, ez luke ordezkaritzarik lortuko, botoen %1,34 eskuratuko dituenez, inkestaren arabera.

Hauteskunde barrutika, EAJ Orian eta Deba-Urolan gailenduko litzateke, eta PSE-EE Donostia aldean eta Bidasoa-Oiartzunen. Ezker abertzalea bigarren litzateke Orian eta Deba-Urolan.

Gehiengo korapilatsuak

Alderdi guztiak urrun daude gehiengo absolututik, 26 batzarkide behar baitira, eta koalizioak beharko dira gobernu egonkor bat lortzeko, baina horiek ere ez dira oso argi ikusten.

Lehen indar gisa, EAJri legokioke gobernua osatzeko aurreneko saioak egitea. PSE-EErekin gehiengo absolutua edukiko luke, baina hemen eta gaur, ezinezkotzat jo daiteke aukera hori. EAk ez dio nahikoa indar ematen, eta egun, gainera, ez dirudi EAJren eta EAren arteko balizko koalizio bat aukera erreala denik. Duela hiru urte bezala, Aralar eta EBrekin saiatu liteke, eta horrek atea itxiko lioke PSE-EEren PPren artekobalizko koalizioari, Patxi Lopezek iragan asteburuan iragarritakoari.

Inkestak ez du aurreikusi ezkerreko indar subiranistak bozetan bat eginda aurkeztea. Baina aukera horrek emaitzak aldatu egingo lituzke. Aralar oraingoz nahikoa urrun dago balizko egitasmo horretatik. Baina ezker abertzalearen eta EAren arteko sintonia handia da, eta Alternatiba ere ezkerreko subiranisten arteko indar bilketaren aldeko jarrera dauka.

Hiru indar horiek batuz gero, botoen %24,44 eskuratuko lituzkete, eta lehenbiziko indar bilakatuko lirateke. Horrek gobernua osatzeko negoziazioak hasteko aukera emango lioke balizko indar metaketa horri, eta orain arte aurreikusi gabeko jokalekua irekiko luke.



Politikarekiko interes urria eta parte-hartzea ia hutsa dute gipuzkoarrek

K.A. Donostia

Aztiker eta Logikaline enpresek egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz, Gipuzkoako udalerrietako eta eskualdeetako parte-hartze politiko eta sozialari buruzko azterketa. Bi ikerketa enpresetako ordezkariek Markel Olano diputatu nagusiarekin batera aletu zituzten, atzo, ikerketaren emaitzak.

Azterketaren arabera, politika orokorrarekiko interes urria dute gipuzkoarrek, %66ri gutxi interesatzen zaie edo batere ez. Udal politika gehixeago interesatu arren, hor ere interesa eskasa da. Parte-hartzeari buruz, berriz, azken urtean %2k baino ez du parte hartu jarduera politiko edo sindikal batean.

Politikarien irudi ezkorra dute, herritarrenak baino alderdi interesak defenditzen dituztela uste dute. Agintarien eta herritarren artean distantzia handia dagoela uste dute, et a benetako parte-hartzea ez dutela bultzatzen. Alderdien ilegalizazioa eskubide demokratikoen urraketatzat dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.