Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusiaren iduriko, egungo markoa aldatzea ezinbestekoa da gatazka konpontzeko, eta markoa gainditze aldera, alderdi politikoen eta gizarte eragileen arteko hitzarmen bat lortu behar dela nabarmendu du.
Izan ere, Ibarretxe Planari akats handi bat sumatzen dio ELAko idazkari nagusiak: egitasmo hori proposatu eta gauzatzeko lehendakaria ez dela saiatu oinarriak ezartzeko eztabaida bat bultzatzen. "Horregatik, plana gizarteratzeko zailtasunak daude; zailtasun mediatikoak, baina baita ere, gizartean txertatzeko zailtasunak, eragileekin ez dela eztabaidarik aurrera eraman".
Elorrietaren arabera, Espainiako Gobernuak, eta, oro har, Estatuak, eskura dituen "arma" guztiak erabiliko ditu marko aldaketa eragozteko, "baitaarma irregularrak eta zuzenbide estatua auzitan jartzen dutenak ere". Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaio ELAko idazkari nagusiari euskal gizartean ahalik eta kontsentsu handiena lortzea, Estatuaren arma horiei aurre egin ahal izateko eta marko aldaketa bermatzeko. "PPk hondamenhandiak egin ditzake, baina ez da ahalguztiduna", azpimarratu du.
Hain justu, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak ere akordio nazional baten eskaera egin zuen Estatuari aurre egiteko; funtsean, ideia horrekin bat etorri da Elorrieta, baina baldintza zehatza jarri dio hitzarmen horri: "erabat zibil eta demokratikoa izan behar du, bestelako kondizionamendurik gabekoa. Eragile politiko eta sozialen debate zibil eta demokratikoan oinarritutakoa. Prozesu zibil baten emaitza ", nabarmendu du.
Era berean, Euskal Herriko pastronala gogor kritikatu du Elorrietak, batik bat, enpresaburu handiak. ELAko idazkariaren iduriko, haien politikek lan merkatuaren hondatzea eta langileen segurtasun falta ekarri dute.
ELA
Egungo markoa aldatzeko, alderdi politiko eta gizarte eragileen hitzarmen baten alde egin du Joxe Elorrietak
Euskal Herriko gatazka gainditzen hasteko eta egungo markoa aldatzeko, alderdi politiko zein gizarte eragileen artean "eztabaida zibil eta demokratikoa" abiatu behar dela adierazi du gaur Joxe Elorrieta ELA sindikatuko idazkari nagusiak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Halaber, Euskal Herriko patronala kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu