TURISMOA

Egungo turismo ereduaren aurka manifestazioak egin dituzte, Ernaik deituta

Hedabide ugarik jarraitu dute Donostiako martxa. 'Zuen turismoa, gure miseria' lelopean egin da. Gernikan ere deitu dute manifestazioa; parte hartzen ari ziren bi gazte atzeman dituzte ertzainek, identifikatzeko.

Donostiako manifestazioaren amaiera. SAMARA VELTE
Samara Velte / Ane Zurutuza Irastorza
2017ko abuztuaren 17a
08:37
Entzun

Donostian, EH ez dago salgai" eta "Gazteak gara, ez esklaboak" eta antzeko leloak oihukatu dituzte manifestariek. Geldialdia egin dute Konstituzio plazan, eta "Espazio publiko lapurtua" dioen pankarta zabaldu dute. Mikel Urdangarin Ernaiko eledunak azpimarratu du ez daudela  "turisten aurka"; masifikazioak eragindako kalteak eta prekaritatea salatu dituzte.

Ekainean iragarri zuen Ernaik mobilizazioa, baina azken asteotan izan du ohiartzun handiagoa, hainbat hiri eta herritan turismo masiboaren eztabaida lehertu eta gero.

Ernaik orduan adierazi zuenez, turismoa "modu basatian" handitu da Gipuzkoako hiriburuan: "Herritarron beharrak ertzetara desterratu dizkigute, eta hiriko engranajean dugun papera turisten zerbitzura aritzea besterik ez da".

Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak kritiko hitz egin du, gaur, mobilizazio horien inguruan. Gernikak "pertsonaren eta naturaren arteko bizikidetza harmonikoan" oinarritutako turismo plan bat baduela gogorarazi du, eta herriak, batez ere, "turismo kulturala" hartzen duela seinalatu. Adierazi du "harro" dagoela bisitariak hartzeaz.

Azken asteetan luze hitz egin da turismoaz, eta hainbat protesta ere izan dira. Alde batetik, pintaketak agertu dira Tourist go home esaldiarekin (turista, zoaz etxera), eta joan den astean Ernaiko hainbat kidek Donostiako tren turistikoa geldiarazi zuten.

Badira urteak Donostiako Alde Zaharreko bizilagunak kexu direla beren auzoaren egoeraz. Hain zuzen ere, 2000. urtean "eremu saturatu" izendatu zuten. Ordutik, taberna kopurua izugarri hazi da, eta etxe turistikoen %87 legez kanpokoak dira. 2016an, gainera, % 22 igo zen Donostiako etxeen alokairua. Ernai kexu da, halaber, turismoko sektoreko langileen prekarizazioaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.