Goizeko hamaika eta erdietan hasi da Donostiako Auzitegiaren atarian Egunkaria auzia artxiba dezatela eskatzeko ekitaldia. Berrehun bat lagun batu dira, eta zazpi auzipetuek —Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria— eutsi diote Epaiketarik ez jartzen zuen pankartari. Ordu laurden inguru iraun du ekitaldiak, eta politikan, gizarte arloan zein kulturgintzan ezagun den jende asko hurbildu da: besteak beste, Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea, Fernando Tapia Gizarte eta Erakunde Harremanetarako diputatua (EA), Juan Martin Elexpuru Aralarreko buruzagia, Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkidea, Mikel Arana EBko lehendakaritzako bozeramailea, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, Xabier Perez ELAko Donostialdeko arduraduna, Jonan Fernandez Elkarri-ko koordintzailea, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia, Sebastian Lizaso bertsolaria eta Joan Mari Irigoien idazlea.
Auzipetuen defentsak prozesamendu autoaren aurka ezarritako helegitea, berriz, gaur hasi dira aztertzen Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Salan. Txema Auzmendiren, Iñaki Uriaren, Joan Mari Torrealdairen eta Pello Zubiriaren defentsa argudioak aurkeztu dituzte gaur, eta bihar Martxelo Otamendirenak, Xabier Alegriarenak eta Xabier Oleagarenak agertuko dituzte.
Defentsaren txanda amaitzean, Fiskaltzak eta AVT ordezkatzen duen herri akusazioak azalduko dute bihar beren jarrera. AVTk dagoeneko iragarri du auziarekin aurrerajarraitzeko eskatuko duela; beraz, Fiskaltzak zer egingo duen dago ikuskizun.
Nolanahi ere,gaurko eta biharko saioakerabakigarriak izan daitezke, epaimahaiak helegitea onartuko balu bertan behera geratuko bailitzateke Egunkaria -ren aurkako auzibidea.
Gizarteko sektorek zabalek eta hainbat erakundek egin dute auzia artxibatzeko eskaera, hala nola, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, PSOEk eta PPk izan ezik Espainiako Kongresuko talde guztiek eta zenbait udalek. Kataluniako Parlamentuan ere laster onartuko dute antzeko ekimen bat.
Herenegun Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari izanak eta auzipetuen Babes Taldeko kideak egin zuen auzia artxibatzearen aldeko jendaurreko deialdia.
'Egunkaria auzia'
'Egunkaria auzia' artxibatzeko eskatu dute auzipetuekin batera berrehun bat lagunek
Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur eta bihar auzipetuen defentsaren helegitea aztertuko duela eta, 'Egunkaria auzia' bertan behera utz dezatela eskatzeko elkarretaratzea egin da gaur goizean Donostian, Egunkariaren Alde Elkarteak antolatuta. Zazpi auzipetuek berrehunen bat lagunen babesa jaso dute; besteak beste, han ziren Batasuna, EA, EB, Aralar, EHAK eta LABeko ordezkariak. Bitartean, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Salak gaur hasi du helegiteari buruzko auzi-saioa, eta bihar jarraituko du. Defentsaren helegitea onartuz gero, auzia bertan behera geratuko litzaeke. '
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu