Egunkaria auzia epaitzearen alde agertu da Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Sala, gaur kaleratu duen autoan. Joan den ekainaren 23an izandako auzi saioan, Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua defentsa abokatuek eta Miguel Angel Caballero fiskalak auzia behin betiko ixtea eskatu zuten, baina salak baztertu egin ditu eskaera horiek. Ondorioz, epaiketa egingo dute (ez dute zehaztu data).
Bi argudio mota ezberdin aurkeztu zituzten defentsak eta fiskalak auzia ixteko eskatzeko orduan. Biak atzera bota ditu Javier Gomez Bermudez epailea buru zuen epaimahaiak. Batetik, auzigaia epaitutzat jo behar zela eta deliturik egozterik ez zela argudiatu zuen defentsak auzia ixteko eskatzeko. Bestetik, AVTk eta Dignidad y Justiciak osatutako herri akusazioaren zilegitasunik eza argudiatu zuen. Biak ez ditu onartu salak, eta ez dago helegite aukerarik.
Aldiz, beste bi eskaera onartu ditu epaimahaiak. Batetik, Xabier Alegria auzipetuaren kasuan, onartu du auzitik kanpo uztea, akusazioengatik epaitutzat jotzen duelako (Alegria ETAko kidetzat zuten joa, baina 18/98 auzia-n ere epaitu zuten ETAko kide gisa jota, zigortu egin zuten hori egotzita, eta orain, defentsaren ustez, Egunkaria auzia-n gauza bera leporatuta ezin zuten epaitu berriro). Bestetik, Pello Zubiria auzipetuaren kontrako akusazioak iraungitutzat jo ditu Auzitegi Nazionalak eta, beraz, auzitik at gelditu da ere. Bi erabaki horiei helegitea jarri ahal zaie Espainiako Auzitegi Gorenean.
'Egunkaria'-ko auzipetuek hedabideen aurrean agerraldia egingo dute bihar, 11:30etik aurrera, eta BERRIA.INFOk zuzenean emango du.
Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean izango da agerraldia.
2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'
2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.
Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga eta Alegria eduki dituzte auzipetuta. Egunkaria-n "izandako ardurengatik", ETAko kide izatea egotzi zieten, eta 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu zituzten haien aurka. Auzitegi Nazionalak gaur auzitik kanpo utzi ditu Zubiria eta Alegria.
'egunkaria auzia'
'Egunkaria auzia' ixteko eskaerari uko egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa egingo dute
Pasa den ekainaren 23an izandako auzi saioan, defentsak eta fiskalak auzia behin betiko ixtea eskatu zuten, baina salak baztertu egin ditu eskaera horiek. Xabier Alegria eta Pello Zubiria auzitik kanpo utzi ditu, arrazoi desberdinengatik. 2003ko otsailaren 20an itxi zuen 'Egunkaria' Guardia Zibilak, Juan del Olmo epailearen aginduz. Bost atxilotuk torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten, baina salaketak artxibatuta daude. 'Egunkaria'-ko auzipetuek hedabideen aurrean agerraldia egingo dute bihar, 11:30etik aurrera, eta BERRIA.INFOk zuzenean emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu