egunkaria auzia

'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoaren aurkako elkarretaratzea egingo dute ostiralean

Andoainen izango da bilkura, 11:30ean Martin Ugalde Kultur Parkean. Duela zortzi urte izan zen polizi operazioa eta, kazetaren auzian artxiboa izan bazen ere, auzi horrek aurrera segitu du.

2011ko urriaren 11
12:59
Entzun

Egunkaria auziko bigarren kasuaren aurrean ostiral honetan elkarretaratzea izango da Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, 11:30ean. 2003ko urrian izan zen polizi operazioa, 'auzi ekonomikoa' deiturikokoa, eta 2010ean kazetaren auzian artxiboa izan bazen ere, auzi horrek aurrera segitu du. Zortzi lagun auzipetu zituzten bere garaian.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du Egunkaria-ko auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa egingo, Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaileak auzia Donostiako epaitegira igortzea erabaki baitzuen iazko maiatzean. Kalifikazio eta entzutegi berri batean egonik, auzia berriro hutsetik hasi behar da, eta Gipuzkoako Auzitegiak erabakiko du epaiketa egingo den ala ez. Dignidad y Justicia elkartea herri akusazio gisa aurkeztu da oraingoan ere; AVT ez da aurkeztu.

Euskarazko kazetaren itxiera kasuko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian "delitu terroristaren" zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela —'ohiko delitua'—. Hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskunduntza —narkotrafiko eta "terrorismo" gaietarako sortu zuten auzitegi hori—, auzia Gipuzkoara pasatzeko agindua eman zuen —Egunkaria-ren egoitza Gipuzkoan zegoen, Andoainen—. 

Zigor eskaera gogorrak

Zortzi auzipetu daude Egunkaria-ko auzi ekonomikoan, eta herri akusazioak 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi zien —5.481.832 eurokoa—, eta alor ekonomikoan ETArekin harremana izatea. 

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen zigor eskaera eta akusazio horiekin, baina gero bere akusazioetatik aparte utzi zuen BEZ balio erantsiaren gaineko zergari lotuta egozten dieten delitua. Izan ere, Gipuzkoako Diputazioak txosten bat idatzi zuen, Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin argudiatuz. Txosten hori aztertuta, auzipetuei BEZaren iruzurra leporatzeko arrazoirik ez dagoela ondorioztatu zuen fiskalak.

Prozedura laburtuetan herri akusazioaren eskaerarekin bakarrik ezin daitezke epaitu auzipetuak, eta, horregatik, defentsak epaileari eskatu zion akusazio hori auzitik kanpo uzteko.

Joan Mari Torrealdai. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia dute eskatuta haren aurka, eta 32,8 milioi euroko isuna.
Iñaki Uria. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.
Txema Auzmendi. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.
Joxe Mari Sors. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.
Ainhoa Albisu. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.
Mikel Sorozabal. 21 urte eta 9 hilabeteko espetxealdia eta 27,2 milioi euroko isuna.
Begoña Zubelzu. 17 urte eta 2 hilabeteko espetxealdia eta 21,6 milioi euroko isuna.
Fernando Furundarena. 13 urte eta 3 hilabeteko espetxealdia eta 21,2 milioi euroko isuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.