egunkaria auzia

'Egunkaria'-ko epaiketarako dirua biltzen hasi dira hainbat lagun ezagun, "elkartasun aktiboa" izanda

Gaur aurkeztu dute ekimena Ramon Labaien, Pedro Miguel Etxenike, Lontxo Oihartzabal, Txaro Arteaga, Iñaki Zubillaga, Juan Jose Pujana, Anjeles Iztueta, Juan Ramon Guevara, Jesus Mari Mujika, Ramuntxo Camblong, Juan Maria Ollora, Xabier Retegi eta Jose Mari Arratek, eta dei egin diote gizarteari laguntzeko.

2009ko azaroaren 16a
20:42
Entzun
Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek "berebiziko" ekimen bati ekin diote: Egunkaria-ko auzipetuekiko "elkartasunez" dirua biltzeari. Gaur aurkeztu dute egitasmoa; "epaiketa prozesuak sortutako gastu ikaragarriak ordaindu ahal izateko dirua biltzean datza. Kostua, oro har, 500.000 eurokoa izango dela kalkulatzen da".

Ramon Labaien, Pedro Miguel Etxenike, Lontxo Oihartzabal, Txaro Arteaga, Iñaki Zubillaga, Juan Jose Pujana, Anjeles Iztueta, Juan Ramon Guevara, Jesus Mari Mujika, Ramuntxo Camblong, Juan Maria Ollora, Xabier Retegi eta Jose Mari Arrate dira diru bilketako ekimeneko talde eragileko kideak. "Ekimen hau espontaneoa da guztiz, edozein erakunde, elkarte edo programatik at", esan du Oihartzabalek, Donostian egin duten agerraldian, euren "berezko bulkadaren" arrazoia azpimarratuz: "Auzipetuekiko elkartasun aktiboa izateko unea iritsi da. Elkartasun testimonialetik harago joatea ezinbestekoa da".

Aste honetan jakinaraziko dute zein izango den kontu korronteko zenbakia. "Dei egin nahi diogu euskal gizarte osoari Egunkaria-ko auzipetuekin elkartasuna izan dezan eta, bereziki, auzi honen gastuak finantzatzen lagun dezan".

Espainiako Auzitegi Nazionalak itxi zuen euskarazko egunkaria, 2003ko otsailaren 20an, eta laster da hastekoa auzi horri buruzko epaiketa -oraindik ez dute zehaztu eguna-. Bost auzipetu daude itxierari buruzko kasuan, ETAko kidetzat jota: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga. Fiskalak auzia artxibatzeko eskatu zuen arren, Auzitegi Nazionalak epaiketa egitea erabaki zuen. 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte haientzat.

Auzi ekonomikoa ere badago -ustezko iruzurra egiteagatik-, eta hor Torrealdai, Uria eta Auzmendi ere badaude auzipetuta, beste bost lagunekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.