'zure ziztada behar dugu'

'Egunkaria'-ko langile ohi eta BERRIAkoek babesa eman diote BERRIAlaguna komunitateari

Andoainen bildu dira, batzar batean. "Hurrengo urteak ziurtatzeko", taldea diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da. Gaurko batzarreko argazki bilduma

2012ko otsailaren 11
19:10
Entzun

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da BERRIA Taldea, eta gaur babes garrantzitsua jaso du: Egunkaria-ko langile ohi eta BERRIAko langile izandako eta gaurkoena. Andoainen bildu dira, kazetaren egoitzan batzar bat eginda, eta ondoren argazkia atera dute Martin Ugalde Kultur Parkean Zure ziztada behar dugu kanpainako leloaren kartelekin.

1990etik dago Euskal Herrian euskarazko kazeta, Egunkaria sortu zenetik, eta, Espainiako Estatuak 2003an itxi egin zuen arren, langileek Egunero sortu zuten hurrengo egunean eta urte hartako ekainean BERRIA. Egunkari haietan ibilitako eta dabiltzan langileek ezinbesteko ikusi dute egitasmoarekin aurrera jarraitzeko indarrak metatzea eta baliabideak lortzea.

Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA Taldea iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.

Zure ziztada behar dugu kanpainaren bigarren faseari ekin dio orain, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Milaka norbanakako bildu nahi ditu herriz herriko lanean. Arloka, berriz, orain kirol eta kultur munduko eragileekin lanean ari da, proiektuari atxikimendua emateko. "Inork kanpainan lagundu nahi badu, ez zalantzarik izan, laguntza txikiena ere handia da, denon ekarria behar dugu", dio BERRIA Taldeak. Kanpaina zabaltzen lagundu nahi izanez gero, [email protected] helbidera idazteko eskatu du.

Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua.

2003ko ekarpena gogoan

Egunkaria-ren itxieran (2003an) euskal herritarrek emandako laguntza ekarri du gogora BERRIA Taldeak. "2003an 24.000 lagunek egin zuten diru ekarpenak bidea eman zuen BERRIA Taldea eta BERRIA egunkaria sortzeko. Aurrera begira ere herritarren sostengua behar dugu, orain artekoari eusteko eta proiektu berriak garatu ahal izateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.