Aste honetan jakin denez, Espainiako Auzitegi Nazionalak azaroan hasi nahi du Egunkaria-ren aurkako epaiketa, eta euskarazko kazetako langile izandakoak gaur Andoainen (Gipuzkoa) batzartu egin dira, epaiketa prestatzen hasteko eta gizartea mobilizatzeko asmoz. Herri batzordeak sustatu nahi dituzte, epaiketarako dirua bildu, mobilizazioak antolatu...
Martin Ugalde Kultur Parkean bildu dira ehunen bat langile ohi, eta ondoren elkarretaratzea egin dute, Egunkaria libre lelopean, auzipetu batzuekin batera.
Egunkaria auziko sumario nagusian bost lagun epaituko dituzte: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga. 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu zituzten haien aurka, ETAko kide izatea egotzita. Sumario ekonomikoan, berriz, zortzi lagun daude auzipetuta, baina epaiketa noiz izango den argitu gabe dago.
Uria auzipetuak gaur adierazi du ez dutela ezer onik espero Auzitegi Nazionaletik, baina absoluzioa eskatuko dutela. "Diru gutxirekin egunkari bat sortzea izan zen guk egindako gauza bakarra", esan du Uriak.
Uztailaren 30ean, auzia behin betiko ixteko eskaerari uko egin zion Auzitegi Nazionalak -fiskalak eta defentsak ixteko eskatua zuten-. Orain tramite bat falta da epaiketa bidean: auzipetuen abokatuek defentsa idatzia aurkeztea. Horretarako epea irailaren amaieran amaituko da. Tramite hori egin ondoren zehaztuko du epaimahaiak epaiketako egutegia. Aurreikusitakoaren arabera, Egunkaria auziko epaiketa azaroaren hasieran hasiko da. Horren arabera, Udalbiltza auziko epaiketa ez da aurretik izango, ondoren baizik.
2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'
2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.
Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
'egunkaria auzia'
'Egunkaria'-ko langile ohiak epaiketa prestatzen hasi dira, gizartea mobilizatzeko
Gaur goizean batzarra egin dute Andoainen. Espainiako Auzitegi Nazionalak azaroan hasi nahi du euskarazko kazetaren aurkako epaiketa. Bost lagun daude auzipetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu