'egunkaria auzia'

'Egunkaria libre!' aldarrikatuz elkarretaratzea egingo dute politikariek ostiralean

Gasteizen izango da bilkura, Andre Mari Zuriaren plazan, 13:00etan. Deialdia irekia da. Azaroan hasiko da epaiketa, eta bost auzipetu daude.

2009ko urriaren 6a
09:40
Entzun
Egunkaria-ren epaiketaren aurkako beste elkarretaratze bat egingo dute ostiral honetan. Oraingo honetan alderdi politikoetako eta erakunde publikoetako ordezkariena izango da, Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan, 13:00etatik aurrera. Egunkaria libre! lelopean bilduko dira. Dena dela, bilkura horren deialdia ere irekia da.

Duela bi aste euskal zinemako hainbat lagunek egin zuten epaiketaren aurkako elkarretaratzea, Donostian. Lehengo ostiralean, berriz, kirolariek, haiek ere Donostian.

Bost auzipetuak

Egunkaria auziko sumario nagusiko epaiketa azaroan hasiko da -kazetaren itxierarena-, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).



Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen hasi dira, gizartea mobilizatzeko asmoz. Herri batzordeak sustatu nahi dituzte, epaiketarako dirua bildu, mobilizazioak antolatu... Lehengo igandean, esaterako, Donostian izan ziren, Kilometroetan, bonoak eta Egunkaria libre! elastikoak saltzen.

=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.