Laster hasiko da Egunkaria-ren kontrako epaiketa -bi auzietan hamabi lagun daude auzipetuta, kartzela zigor eta isun ekonomiko handien eskaerekin-, eta gaur, Bilbon, euskalgintzako hainbat eta hainbat eragilek babesa agertu diote euskarazko kazeta hari. Egoeraren "larritasuna" ere agerian jarri dute, bide batez. Izan ere, haien ustez, "Egunkaria-rekin batera euskalgintza osoa ere jomugan" daukate epaileek. "Hirurehundik gorako folio kopuruan lehen hamalauak irakurtzean kizkurtu egin zaigu azala. Bertan behin bakarrik aipatzen da Egunkaria. Beste erakunde batzuk, beste jardun batzuk, euskara eta kulturarekin lotutakoak, euskalgintzakoak alegia, dira aipagai nagusi. Eta horixe jartzen da epaileen jomugan: Euskalgintza, oro har hartuta", esan dute arloko eragileek gaur.
Ekitaldian izan dira, haiez gain, Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea, Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko kideak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Josu Erkoreka EAJko parlamentaria, Onintza Lasa EAko zuzendaritzakidea, Begoña Lasagabaster EAko parlamentaria, Mikel Arana EBko zuzendaritzakidea, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, Jesus Uzkudun CCOOko kidea, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua, unibertsitateko irakasleak (Jose Ramon Etxeberria, Josu Txueka, Pedro Miguel Etxenike...), bertsolariak, kirolariak, abesleak, idazleak, aktoreak... izan dira (haietako batzuk babes taldeko kideak dira).
Batasuneko kideek agerraldira joateko asmoa adierazia zieten antolatzaileei, baina ez dira azaldu, atxilotu egin dituztelako azken egunetan.
Akusazioaren "tesia garbia" da, euskalgintzako eragileen iritziz. "Espainiako Erresumako Konstituzioak babesten du euskara; bere Gobernuak, Nafarroa eta EAEko autonomi estatutuek, administrazio autonomikoek, babesten eta sustatzen dute euskara. Hortik kanpora geratzen den guztia ETA da. Zertara dator, beraz, erakunde sozialak euskara eta euskal kulturaz arduratzea, manipulatu eta ETAren helburuetara jartzeko ez bada".
Euskagintza baina, ETA sortu aurretik bazegoela nabarmendu dute. "Ba al dakigu zein egoeratan sartuko ginatekeen akusazioaren tesi hori jurisprudentzia bihurtuko balitz epai zigortzaile baten bidetik?", galdetu dute, eta hori guztia "larria" dela esan, "Egunkaria-rekin batera euskalgintza osoa ere akusatuen aulkian bailegoke".
2003ko otsailaren 20an eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak euskarazko kazeta ixteko agindua eta, "sekulako kolpea izan arren", euskaltzaleen erantzuna "eredugarria" izan zela dio euskalgintzak. Orain ere, epaiketaren atarian, Egunkaria defenditzeko deia egin dute. "Euskalgintzaren baitatik dei ozen bat gizarteari, orori: Egunkaria defenda dezagun, euskalgintza defenda dezagun".
Babes taldeak dio kasua ixteko "aukera paregabeak galdu" direla
Bost urte dira Egunkaria itxi zutela, eta "ez da iritsi kasuaren sobreseimendua", esan du haren babes taldeak gaur, Bilbon. "Bost urtetan, aukera paregabeak galdu dira Egunkaria kasua 'modu justuan' konpontzeko, gure adierazpen publikoetan askotan aldarrikatu dugun bezala. Akusazioak azkenean aurkeztutako txostena ezagututa jakin dugu haien atrebentzia, eskrupulo demokratikorik gabea, noraino iritsi daitekeen. Akusatzaileen argudioak onartuko balira, Egunkaria bakarrik ez, euskalgintza bera, euskalgintza soziala, jomuga izango lukeen jurisprudentzia ezarriko litzateke".
Babes taldeak ere "euskal gizartearen kontzientziakritiko aktibo eta emankorrari" dei egin dio mugitzeko, auziak "ez bakarrik Egunkaria arrastatzen duelako, baizik eta honen antzerako akusazioak hainbat kasutan baliatuz euskal gizartearen elkarbizitza demokratikoaren zutoinak ere higatzen dituztelako. Gehiegikerien kate hau geratu beharra dago. Ezin da epai zigortzailerik atera Egunkaria kasuan ere".
Egunkaria auzia
"'Egunkaria'-rekin batera euskalgintza osoa ere jomugan dute epaileek"
Epaiketaren atarian, egoeraren "larritasuna" agerian jarri du gaur euskalgintzak, Bilbon, eta gizarteari berriro euskarazko kazeta eta euskararen mundua "defenditzeko" dei egin dio. Eragile sozial, politiko eta sindikalen babesa ere jaso dute gaur auzipetuek. "Gehiegikerien kate hau geratu beharra dago", esan du 'Egunkaria'-ren babes taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu