EHUko ikasleak epaitegian

'Egunkaria'-ren alde itxialdia egin zuten EHUko ikasleen aurkako salaketa artxibatzeko eskatu dio Otamendik epaileari

EHUko 38 ikaslek eta kaleratutako irakasle batek epaiketa izan behar zuten gaur Getxoko epaitegian, Egunkariaren aldeko itxialdi batean parte hartzeagatik. «Desobedientzia» delitua egitea egozten diete. Hala ere, epaiketa martxoaren 15era arte atzeratu dute, auziperatutako bi ikasleri ez zaielako zitazioa iritsi. Auziperatuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin da epaitegiaren kanpo aldean, eta 'Egunkaria'-ren langile ohiek hartu dute parte bertan. Tartean, Martxeko Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohia eta egun 'Berria'-ko zuzendaria dena eta Joan Mari Larrarte izan dira. Otamendik ikasleen aurkako salaketa artxibatzeko eskatu dio epaileari.

2004ko urtarrilaren 12a
16:23
Entzun
'Eskarrik asko zuen elkartasunagatik' zioen pankartaren atzean egin du eskaera hori Martxelo Otamendik, Leioako campusean itxialdia egin zuten 38 ikasleei eta kaleratutako irakasle bati elkartasuna adierazte aldera. Otamendik adierazi duenez, ez dauka zentzurik 2004. urtean ikasle batzuk itxialdia egin eta epaitegian amaitzea, "egun horietan milaka eta milaka euskal herritar Euskal Herriko bazter guztietan 'Egunkaria'-ren itxiera salatzeko elkarretaratzeak egiten ari zirenean".

"Ez du batere zentzurik egoera horrela tenkatzeak. Nik uste dut 2004. urtean ezetz esan beharra dagole, ez dela posible horrelako gauzak egitea", azpimarratu du. Otamendik nabarmendu duenez, 'Egunkaria'-ren langile ohiak elkartasuna adieraztera joan dira epiategiaren aurrera, "ez dugulako nahi kondenarik jasotzea ikasle horiek". "Epaileari eskatzen diogu auzia ixteko eta ikasleak unibertsitatera bildatzeko, hori baita egon behar duten lekua".

Gertakariak

Egunkaria-ren itxiera salatzeko, astebeteko itxialdia egitekoak ziren ikasleak. Martxoaren 5ean ekin zioten itxialdiari Leioako campuseko kafetegiaren eraikinean. Hurrengo egunean, baina, Ertzaintza bertaratu eta, eraikinetik atera egin ziren ikasleak. Martxoaren 7an, ordea, ikasleek berriz ekin zioten itxialdiari. Ertzaintza bertaratu eta, guztiak kanporatu eta identifikatu egin zituen. Getxoko epaitegiak auziari bidea eman zion, eta «desobedientzia» delitua egotzi zien 39 ikasleri. Ondorioz, behin epaitu eta gero, isuna da ezar diezaiekeen zigorra.

Kepa Manzisidor ikasleen abokatuak auziaren «bitxitasuna» azpimarratu zuen iragan astean epaiketa salatzeko eginiko kontzentrazioan: «Desobedientzia leporatzen zaie baina, nori desobedientzia? Ertzainek eraikinetik kanpora irteteko agindu eta ikasleak atera egin ziren; identifikatzeko eskatu eta identifikatu ziren. Ez dago desobedientziarik, ikasleek aginduak bete baitzituzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.