Dignidad y Justicia elkartea Euskaldunon Egunkaria-ren auzi ekonomikotik kanpo utzi du Donostiako zigor arloko 3. epaitegiko epaileak eta, ondorioz, ezin izango du herri akusazio gisa aritu. Arrazoia sinplea da: ez du esku-hartzeko zilegitasunik, elkartearen estatutuen arabera terrorismoarekin lotutako delituen kasuan bakarrik aritzeko helburua duelako. Eta auzi ekonomikoan ez dago terrorismoarekin inolako loturarik. Horregatik, auzi nagusiko epaia (absoluzioa) irmo izan bezain laster, 2010eko ekainaren 16an, Espainiako Auzitegi Nazionala inhibitu egin zen auzi ekonomikoa epaitzeko, eskumenik eza argudiatuz. Sumarioa Donostiako Probintzia Auzitegiaren esku utzi zuen. Terrorismo delituekiko lotura desagertuta, Ogasun Publikoren kontrako balizko delituren bat baino ez zen gelditzen aipatutako sumarioan eta hori epaitzeko eskumena Donostiako Probintzia Auzitegiari dagokio.
Del Olmo epaile instruktoreak Egunkaria-ren kontra agindutako bigarren polizia operaziotik eratorritakoa da auzi ekonomikoa. Guardia Zibilaren bigarren operazioa 2003ko urriaren 16an izan zen, aurrenekoa izan eta zortzi hilabetera. Egunkaria-ren proiektuarekin eta Martin Ugalde kultur parkearekin lotutako zortzi lagun atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Amando Hernandez eta Angel Diez. Bost egunez inkomunikatuta izan ondoren aske gelditu ziren denak, gehienak bermea ordainduta. Urte batzuk beranduago, Del Olmok inputatu batzuk auzitik kanpo utzi zituen, baina berriak inputatu zituen. Azkenean, zortzi lagun jarri zituen epaiketaren bidean: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Haien kontra urte askotako espetxe zigor eskaerak egin zituen Dignidad y Justizia elkarteak. Baina auzia, terrorismo delituekiko loturatik libre, Donostiako Auzitegiaren esku gelditu ostean, berriz tramitatu beharra dago.
Auzia bereganatu zuenean, Donostiako epaitegiak aldeei jakinarazi zien ordezkariak izenda zitzaten. Dignidad y Justicia elkarteak bere lege ordezkariak izendatu zituen, eta epaitegiak hasiera batean onartu zituen. Baina Egunkaria-ko zortzi auzipetuen defentsak helegitea jarri zion ebazpen horri, Dignidad y Justiciaren zilegitasuna auzitan jarriz. Fiskalak bat egin zuen defentsaren eskaera eta argudioekin. Epaileak arrazoia eman die, eta Dignidad y Justicia elkartea auzitik kanporatu egin du, atzo bertan jakinarazitako auto baten bidez. Elkarteak helegitea jartzeko aukera du.
Helburuetatik kanpo
Erabakiaren oinarria Dignidad y Justicia elkartearen estatutuetan bertan dago, adibidez, bigarren artikuluan: «Elkartea terrorismoaren biktimen memoria eta interesak defendatzeko zereginarekin osatu da». Epailearen autoaren arabera, «estatutuak oso adierazkorrak dira eta ez dute zalantzarik uzten elkartearen helburuaz». Halaber, epaileak nabarmendu du Dignidad y Justicia elkarteak auzian parte izateko 2006an aurkeztu zuen kereilan ere oso argi adierazi zuela haren helburu eta zeregina «terrorismoaren biktimen justizia eta duintasuna» defendatzea zela.
Autoaren arabera, elkarteek estatutuetan jasotzen diren helburuekin lotutako jarduerak bakarrik garatu ahal dituzte. «Nabaria da Dignidad y Justicia elkartearen helburuak ez daukala loturarik aipatutako arau hausteekin (Ogasunaren kontrakoak), haren interesen kanpo gelditzen direlarik». Epaile instruktorearen ustez, beraz, Egunkaria-ren auzi ekonomikoak «ez dio eragiten elkartearen helburu bati berari ere». Ondorioz ez dio zilegitasunik aitortu herri akusazioa izateko eta «kanporaketa prozesala» dekretatu du. Auziaren etorkizunari dagokionez, ikusi beharko da ea fiskalak eusten dion akusazioa egiteari. Herri akusaziorik gabe, fiskalak ez balu akusaziorik aurkeztuko auzia itxi liteke epaiketarik egin gabe.
'Egunkaria auzia'
'Egunkaria'-ren auzi ekonomikotik kanporatu egin dute Dignidad y Justicia
Herri akusazio gisa aritzeko zilegitasuna ukatu dio epaileak, elkartearen helburuetan oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu