egunkaria auzia

'Egunkaria'-ren ibilbidearen gorespena

'Egunkaria. Amets baten egia' liburua aurkeztu dute gaur Ramirez de la Piscina, Agirreazaldegi, Ibarra eta Zallo EHUko irakasleek.

2010eko ekainaren 1a
16:14
Entzun
Euskaldunon Egunkaria-ren ibilbidea goretsi dute gaur Txema Ramirez de la Piscina, Teresa Agirreazaldegi, Pedro Ibarra eta Ramon Zallo EHUko irakasleek, =i'Egunkaria'. Amets baten egia=i liburuaren aurkezpenean -eurek idatzi dute-, Bilbon. "Kazeta modernoa izan zen, erreferentziazkoa, ondare hemerografikoa zen, langile talde kualifikatua zeukan, itxi zutenean merkatu kuota handia zuen -kontuan hartuta euskal hiztunen kopurua-, egoki hurbildu izan zen Euskal Herriko errealitate politiko-instituzional-sozial-informatibora, historia egin zuen euskal kazetaritzan, eta euskal kulturaren lekuko eta eragile izan zen", adierazi du Ramirez de la Piscinak hedabideen aurrean.

Euskarazko kazetaren "pluraltasuna, zabaltasuna, boterearekiko independentzia, gaien dibertsifikazioa eta unibertsaltasuna" ere azpimarratu dituzte, eta euskal gizarteak haren lana aitortu izan zuela -sariak lekuko, esaterako-. Proiektua euskal kulturako eragileek sortu zutela adierazi dute, eta ETAk ez zuela parte hartzerik eduki.

EHUko irakasleen arabera, "egiaztatuta" geratu da Egunkaria, beraiek egindako "ikerketa zehatz eta zorrotzaren ondoren, kazeta estandarra" izan zela, "kioskoko beste egunkarien parekoa", eta ikerketa horren berri eman dute liburuan. Aurretik, Suediako eta Ghanako nazioarteko batzarretan ere aurkeztu izan dute lana Ramirez de la Piscinak eta Agirreazaldegik.

1990eko abenduaren 6an sortu zen Egunkaria. Guardia Zibilak itxi zuen, 2003ko otsailaren 20an, Auzitegi Nazionalaren aginduz, ETArekin harremana zuelakoan. "Bere unerik onenean itxi zuten Egunkaria", esan dute EHUko irakasleek. "Itxiera neurrigabea eta salbuespenekoa izan zen, eta oinarrizko eskubideen aurkako neurri zuzena".

140 orrialdeko lana

Ttarttalo argitaletxeak plazaratu du =i'Egunkaria'. Amets baten egia=i liburua, euskaraz eta gazteleraz. 140 orrialde dauzka eta hamabi euroko salneurria du. Aurkezpenean EHUko irakasleekin izan dira Joan Mari Torrealdai -itxierako kasuan libre atera zen, auzi ekonomikoan auzipetua dago- eta Felix Cañada abokatua.

Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den apirilaren 12an absoluzioa eman zuen Egunkaria-ko itxiera kasuan, bost auzipetuek ETArekin zerikusirik ez zutela izan argudiatuta. Absoluzioa izan arren, 2003tik auzipetuek eta euskaltzaleek "inkisizioa" jasan dutela salatu dute liburuaren egileek.

Auzi ekonomikoak zabalik jarraitzen du, eta zortzi auzipetu daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.