EGURALDIA. ENBATAREN ONDORIOAK KOSTALDEAN. 'Motxo'-k ingurumenean eragin dituen «kalteak» ebaluatzeko eskatu dute

Zumaiako eta Debako alkateak ez daude ados orain arte ontzia erretiratzeko egin diren ahaleginekin

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Deba
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Debako eta Zumaiako alkateak «kezkatuta» daude Motxo arrantzontziaren istripuak ingurumenean eragingo dituen kalteengatik; izan ere, inguru horrek geologia eta biologiaren aldetik aberastasun handia du, eta hango ekosistemak oso ahulak dira. Horregatik, Motxo itsaslabarretatik ateratzeko lanak amaitu bezain pronto, kalteak neurtzeko ingurumen ebaluazio bat egiteko eskatu dute -kalte fisikoak, eta faunan eta uraren kalitatean eragindako kalteak-, bai eta beharrezko neurriak hartzeko ere, biodibertsitate aberatsa babesteko eta egoera lehenera itzultzeko.

Bermeoko (Bizkaia) Motxo arrantzontziak lehengo ostegunean jo zuen hondoa Zumaia eta Deba arteko babestutako itsaslabarretan. Eskifaiako bederatzi kideak onik atera zituzten, baina ontzia hondotik ateratzeko ahaleginek huts egin dute. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea eta Jesus Mari Agirrezabala Debako alkatea «pozik» daude arrantzaleak eta itsas salbamenduko kideak onik daudelako. Hala ere, ez daude ados ontzia erreskatatzeko orain arte egin diren ahaleginekin. «Gaizki» iruditu zaie ontzia itsasoratzeko lanekin hasi baino lehen gasolioa eta olioa biltegietatik ez ateratzea, eta lan horietan hastea babes hesiak itsasora bota aurretik. Jesus Mari Agirrezabala Debako alkateak emandako datuaren arabera, 600 litro gasolio bakarrik atera dituzte, eta gainerako guztia uretara isuri da. Zehazki, 500 litro fuelolio eta 12.500 litro gasolio.

Egunotako enbataren ondorioz, «are premiazkoagoa» da ontzia lehenbailehen haitzetatik erretiratzea, Zumaiako eta Debako alkateen iritziz, eta ontzia erretiratzeko lanetan eskumena duten administrazio guztiei koordinatuta lan egiteko eskatu diete. «Ontzia erretiratzeko proiektua idatzi aurretik gerta daiteke itsasoak berak ontzia puskatzea, eta ondorioak okerragoak izango dira», azaldu du Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak. Motxo-k hondoa jo zuen lekura bertaratu zen atzo goizean Zumaiako alkatea, eta atzo goizeko itsasgoraren ondorioz, Motxo mugituta zegoela baieztatu ahal izan zuen.

Haserre, informazio faltagatik

Bi alkateak atzo Debako udaletxean elkarrekin egindako prentsa agerraldian «haserre eta harrituta» azaldu ziren eskuduntza duten agintariek ez dietelako eman zuzeneko informaziorik istripuaren eta orain arteko lanen inguruan. Horregatik, orain ontzia zatikatzeko egin behar diren lanen inguruan une oro jakinaren gainean eduki ditzatela eskatu dute.

Beharrezkotzat jo dute aurrerantzean horrelako istripurik gerta ez dadin, gertatutakoa argitzeko ikerketa bat egitea, eta horren barnean, Motxo ontzia ingurune horretan zertan ari zen ikertzea. Ika-mikarik ez pizteko, ez dituzte euren susmoak plazaratu nahi izan, eta ikerketak hori argitzea espero duela besterik ez du esan Debako alkateak. Dena dela, gogorarazi du Arrantzako Legeak -212/2000 dekretuaren 9. artikuluak- debekatzen duela arte txikiekin arrantzan ibiltzea hamar metro baino gutxiagoko sakoneratan eta kostatik ehun metro baino gutxiagoko distantzian. «Ikerketak argituko du norbaiti erantzukizunak eskatu behar ote zaizkion», nabarmendu du. Hain zuzen, Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzak Motxo ontziaren istripua zerk eragin zuen argitzeko ikerketa abiatu du, eta Gipuzkoako Diputazioak ere dosierra zabaldu du gertatutakoa argitzeko, eta «dagokionari» ardurak eskatzeko.

Halako istripuak saihesteko, diputazioari ere egin diote eskaera zehatzik alkateek: Deba eta Zumaia arteko itsasertzean Biotopo Babestuan Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana betearazteko, bere ardura baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.