EGURALDIA. UHOLDEAK. Urez gainezka

Ibaiek gainezka egin dute Euskal Herriko hainbat bazterretan, eta arazo handiak sortu dituzte, batez ere Bizkaian

Mikel Peruarena - Iñaki Petxarroman - Aitor Renteria - Amaia Alvarez - Gari Goikoetxea
2009ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ordu gutxitan erauntsi handia bota zuen -metro koadroko 50 eta 60 litro hainbat lekutan- atzo Euskal Herrian. Aurreko egunetako euri ugariaren ondorioz, beteta zihoazen ibaiek gainezka egin zuten: Cadagua, Nerbioi eta Gobela Bizkaian; Arga eta Arakil Nafarroan; Zadorra Araban; eta Oria zein Urumea Gipuzkoan... Errepide eta trenbideak itxi, ikastetxeak itxi, etxeak eta enpresak hustu behar izan zituzten, uholdeengatik. Administrazioek larrialdi egoera ezarri zuten, baina, orduak aurrera egin ahala ibaiak euren onera etortzen hasi ziren.Espainiako Meteorologia Agentziak e adierazi duenez, irailetik hona egindako euri kopurua Gipuzkoa eta Bizkaian azken 30 urteotan egindako handiena da.

1. Bizkaia

Nerbioi, Cadagua, Gobela eta Butroe ibaiek eman zuten atzo buruko min gehien Bizkaian. Nerbioik gainezka egin zuen goizean Basaurin, Etxebarrin eta Arrankudiagan. Hainbat enpresa hustu zituzten. Galdakaon, zaharren egoitza hustu egin behar izan zuten Ibaizabal ibaiak gainezka egin zuelako. Berrogei bat adineko Usansoloko zaharren egoitzara eraman zituzten. Cadagua ibaia ibilgutik atera zen Alonsotegin, Gueñesen eta Sodupen. Gobela ibaiak ez zion eutsi emariari, eta Berangon eta Getxon atera egin zen. Butroe ibaia Mungian atera zen, eta baserri bat hustu zuten. Barakaldon Agirtzak gainezka egin zuen.

Arratsaldean izan zen itsasgora, eta Bilbon alerta jo zuen Udalak. Itsasadarraren inguruko eraikinak hustu egin zituzten: Arriaga antzokia, Erriberako merkatua eta inguruko eskolak, adibidez. Arratsalderako, Alde Zaharreko denda eta taberna guztiak ixteko agindua ere eman zuen Udalak. Oso hazita egon ibaia, baina unerik gorenean ere gainezka egitetik metro batera geratu zen. Errekalde eta Abusu auzoetan izan ziren arazo gehien urarekin.

Guztira bi lagun zauritu ziren atzo Bilbon denboralea tarteko. Luizi batek emakume bat harrapatu zuen Kobeta mendiaren inguruan, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan zuten. Bestalde, Udaleko langile batek min hartu zuen Peñascal auzoan, uholdeen aurkako hesiak jartzen ari zela, hanka hautsita.

Euri jasa gogorrek eta uholdeek arazoak eragin zituzten garraioan ere. A-8 autobidean luizia izan zen Abanto parean, eta Kantabriarako (Espainia) bidea itxita egon zen goizean. Iluntzerako bide bat zabaldu zuten. Santo Domingoko errepidean eta beste hainbatetan ere izan zirenarazoak. Autobusek zailtasunak izan zituzten, Enkarterrietan batik bat. Tren zerbitzuan arazoak izan ziren.Donostia eta Bilbo arteko linea itxita egon zen, esaterako.

2. Nafarroa

Nafarroan ere, euriteek arazoak sortu zituzten atzo. Gobernuak, Nafarroako Larrialdien Agentziaren bitartez, uholde arriskua zela-eta aurre alerta egoera mantendu zuen egun osoan. Izan ere, azken egunotako euriteek Nafarroako ibaiak urez gainezka utzi dituzte eta Agentziak arreta berezia jarri du Arga eta Arakil ibaietan, gainezka egin baitute zenbait lekutan.Halaber, Ega ibaia ere gertutik begiratu dute, nahiz eta horren ur emaria ez den beste bien neurrira ailegatu.

Guztira, atzo sei errepide moztu zituen Larrialdien Agentziak, horietako bi elurra zela-eta;Belagoako portua (NA-1370), 12. kilometrotik aurrera.Putzuak egoteagatik, bestalde, honako errepideak egon ziren itxita: Iruñeko Landaben poligonora sartzeko bidea (NA-30); Ostitz eta A-15 lotzen dituena (NA-411), Larraintzar ondoan; Iraitzoz eta Larraintzar lotzen dituena (NA-4161), Sakanako NA-2410 errepidea, Arruazu ondoan; eta Lerin eta Berbitzana lozten dituen bidea (NA-6120).

3. Araba

Goizetik sortu ziren arazoak, hiriburuaren eta haren inguruetan batik-bat. Ur putzu handiak sortzen hasi ziren errepideetan eta, Gasteizen, estoldak eta bide bazterrak euri jasei eutsi ezinik, gainez egiten hasi ziren. Gasteizko Udalak berehala jarri zuen indarrean uholdeetarako alarma aurreko egoera, eta 12 ikastetxe husteko gomendioa eman zuen. Donemiliagako haur eskola ere hustu behar izan zuten, eta Mendizorrotzako kirol instalazioak ixteko agindu zuen Udalak, urak hartu baitzituen eguerdirako. Aldundiak goizean berrosatu zuen krisi mahaia, haizetearen ostean desegina baitzegoen. Xabier Agirre ahaldun nagusiak Ulibarriko urtegia husteari lagatzeko eskatu zuen, errekak gehiago hazi ez zitezen. Hala ere, segundoko 20 metro kubiko ur askatzen jarraitu zuen Ulibarriko urtegiak. Herenegun hasi ziren urtegia husten. Urrunagako urtegia ere husten aritu ziren atzo: segundoko 30 metro kubo ur. Zadorrak gainezka egin zuen hainbat puntutan. Kalte handienak Gasteiztik hegoaldera izan ziren: Abetxuko, Elorriaga, Otogoien, Otobarren, Gebara... Tresponde eta Billoda herrietarako bideak ere guztiz itxi zituen urak. Ez zen arazo larriegirik suertatu, baina han-hemenka gainez egin du zenbait errekak Araban, San Tomas eta Errekalerok, adibidez. Gorbeiako parke naturalerako sarrera ere itxi egin zuten, badaezpada ere, Baia erreka hazita heldu zelako. Iluntzean Zadorrari jarri zioten arreta berezia, hazten segitzen baitzuen.

4. Ipar Euskal Herria

Errobi, Aturri eta Urdazuri ibaiakurez gainezka zeuden atzo baina ez zuten uholde handirik eragin. Ortzaitzen arroatik atera zen Errobi atzo goizean eta Milafranga zein Uztaritze aldean, gune jakin batzuetan gainezka egin zuten Errobi ibaira doazen latsek. Larunbateko ekaitzaren ondorioz zuhaitz eta adar anitz daude arroetan. Azken egunotan euri franko egin duenez, egurrek uraren isuria trabatzen zuten. Ur putzuak eragin ditu, bereziki Departamenduko errepideetan eta zuhurtziaz gidatzea gomendatu du Suprefeturak. Hala ere, alerta egoera kentzea aztertzen ari zen lerrook idazteko orduan.

5. Gipuzkoa

Ur putzuak eta luiziak ohikoak izan ziren, atzo, Gipuzkoan. Eskoriatzan, Zumarragan, Azkoitian... Bidera jausitako lurrak errepideak trabatu zituen. Itziarko gainean ere arazoak sortu ziren A-8 autobidean, bidean pilatutako urarengatik. Goizeko zazpietarako Hernaniko Ereñotzun Urumeak 1,5 metroko altuera zuela ohartu, eta Añarbeko urtegiko ur emaria eteteko agindu zuten. Urtegia %97raino beteta zegoen. Eurite iragarpenak ezagututa, alarma aurreko egoera aktibatu zuen Donostiako Udalak. Urumea parean aparkatuta zeuden ibilgailuak handik ateratzeko eskatu zuen, baita garaje eta behe solairuak husteko ere. Egun osoan Urola, Deba, Oria eta Urumea ibaien arroei begira egon ziren larrialdi zerbitzuak. Urumea eta Oriak egin zuten gainezka leku batzuetan.

Irun aldean ere arazo ugari izan ziren. Luiziak Euskotren konpainiaren trenbidea trabatu zuen, Belaskoeneko tunelean. Ordu eta laurdenez zerbitzua etenda egon zen, eta lurra garbitu ostean zabaldu zuten, 12:30 aldera. Gipuzkoan beste zenbait herritan ere eskatu zuten ikastetxeak husteko; Alkizan, Villabonan eta Zizurkilen haur eskoletako haurrak kalera atera zituzten, esaterako.

Egileak: Mikel Peruarena, Iñaki Petxarroman, Aitor Renteria, Amaia Alvarez etaGari Goikoetxea



Azken uholde handiakiazko ekainean izan ziren

Iazko ekainaren 1ean uholdeak izan ziren Euskal Herriko hainbat eskualdetan. Getxon, esaterako, uholde handiak gertatu ziren, Gobela ibaiak gainezka egin eta gero. Getxo eta Bizkaiko beste hainbat lekutan ez ezik, Gipuzkoako Goierrin eta Nafarroako hegoaldean ere gertatu ziren uholdeak.





Armada ekartzeko aukera eskaini du Espainiak

Uholdeen ondorioak pairatu dituela-eta, Espainiako Gobernuak laguntza eskaini zion atzo Hego Euskal Herriari. Hain zuzen ere, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko lehendakariordeak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskaini zien Armadaren laguntza.





Pasaiako portua berriro ere ireki zuten atzo

Egun hauetan izandako itsaso txarraren ondorioz, itxita izan da Pasaiako portua, baina berriro ireki zuen atzo Portuko Agintaritzak. Herenegun itxi zuten eguerdian portua, eta atzo goizean berriro ireki. Aurreko astean bi egunez bakarrik izan zuten portua irekita. Bilboko portua ere itxita egon zen herenegun.





Elur-jausien arriskua iragarri dute Pirinioetan

Atzo elurra egin zuen berriro ere Pirinioetan eta Nafarroako goi lurretan. Pirinioetan 30 zentimetro egin zuen hainbat bazterretan. Hala, atzo eta aurreko egunetan pilatu den elur ugariaren ondorioz, Belaguako mendatean, esaterako, elur-jausiak izateko arrisku gorena iragarri du Nafarroako Gobernuak.





34

Uholdeen eragina ikastetxeetan. Atzo 34 ikastetxe itxi behar izan zituzten euriteen ondorioz, gehienak Bizkaian. Han 21 ikastetxe itxi zituzten; Araban, 12, gehienak ere Gasteiz hiriburuan. Gipuzkoan Txingudi ikastola itxi zuten, Irunen. 21 haur eskola ere itxita egon ziren.





200.000

Triskantza Landetako basoan. Zikloiak triskantza handia egin du Landetan. Hango basoaren heren bat guztiz desegin duela jakinarazi du baso jabeen eskualde zentroak. Hain zuzen ere, 200.000 hektarea baso birrindu du asteburuko haize bortitzak.





22

Zikloiaren biktimak. Aurreko asteburuan izandako zikloiaren eraginaren balantzea egiten jarraitzen dute. Frantzian gutxienez 11 lagun hil direla jakinarazi du Frantziako Segurtasun Zibilak. Herrialde Katalanetan zortzi lagun hil ziren; Galizian bi eta Espainian bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.