Euriak karparen kontra jotzen duenean egiten duen soinuak badu bere xarma». Kezka umorearekin uxatzen saiatu zen Jaime Ioldi atzo. Zizur Txikiko San Fermin ikastolako gurasoa da bera, eta Zizur Nagusiko Ardoi urbanizazioko bostgarren gunean eman zuen goiza. Gaurko dena prestatzen lanean. «Pena da, urtebeteko lana dagoelako egun bakar bateko Nafarroa Oinez bestaren atzetik. Jendearen erantzuna, hala ere, txapela kentzeko modukoa izan da. Euripean ari dira boluntarioak beharrean, atsedenik hartu gabe».
Atsedenik hartzeko denborarik ez zegoen atzo, eguraldiak markatutako eguna izan baitzen Nafarroa Oinezeko antolatzaileentzat. Erabakiak hartzeko eguna. Prestatu duten zortzi kilometro eta erdiko ibilbideak Zizur Nagusiko eta Zizur Txikiko karrikak zeharkatzen ditu, batez ere, eta horrek arindu egiten du euriak izan dezakeen eragina. Hala ere, atzo jada argi ikusi zuten aurreikusitako aparkalekuetako bat ezin izanen dutela erabili, eta, ondorioz, Ardoikora auto gehiago bideratu beharko dutela.
Hori dela eta, batez ere Iruñerriko jendeari garraio publikoa erabiltzeko eskatu zioten atzo San Fermin ikastolako arduradunek. Billabesak bost, hamar eta hamabost minutuan behin abiatuko dira ibilbiderantz, Iruñeko Nafarroa Beherea etorbidetik (18. linea), Merindadeen plazatik (1. linea) eta Sarasate pasealekutik (15. linea).
Aurreikusitako baino lau karpa gehiago jarri zituzten atzo ibilbidean, halaber: hiru bostgarren gunean eta bertze bat laugarren gunean. Lastoa bota zuten, gainera, gune horietan, lokatzik ez sortzeko.
«Bota dezala gaur bota beharreko euri guztia, biharko hobera egin dezan eguraldiak». Hori zen Miren Garateren desio bakarra atzo. Hark ere San Fermin ikastolan ditu hiru seme-alabak. Ardoiko txosna prestatzen aritu zen atzo, euriari so. «Tristea da eguraldiak uzten digun irudia, baina aurrera egin behar dugu. Katiuskak eta zira ekar dezatela etortzen direnek, baina etor daitezela, mesedez», eskatu zuen.
Eguraldiak ez zuen hobera egin atzo. Gaurko eginen duela diote iragarpenek. San Fermin ikastolako kideek eta boluntarioek, hala ere, ez dute zeruari so eman nahi eguna. «Nafarroa Oinez besta ospatzeko dena prest da», nabarmendu zuten atzo. Eguraldiak ez dezala inor etxean utzi, hori da antolatzaileek nahi duten gauza bakarra.
Euskaltzaleak Zizur Txikira erakartzeko eskaintza zabala prestatu dute San Fermin ikastolako kideek. 30 kontzertutik goiti eta bertze hamaika ikuskizun. 10:00etan hasiko da besta, eta 12:00etan eginen duten ekitaldian Tuterako Argia ikastolak hartuko du 2013ko Nafarroa Oinez besta antolatzeko lekukoa.
Eguraldiak ez dezala gaurko besta zapuztu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu