Bustita baina ilusioz gainezka hasi dute haurrek Donostian euren danborrada gaur eguerdian. Alderdi Eder bete egin da, nahiz eta goiz guztian euria egin duen, baita kazkabarra ere, eta euritako txanodunekin bada ere, gogotsu ekin diote 4.635 haurrek danborrak eta kupelak jotzeari. Blai zeuden horietako batzuk hasterako, baina danborrada aurretik garbi adierazi dute nahiago zutela gaur bustita atera, beste egun batean ateratzea baino.
Izan ere, egun berezia da Donostian haurrentzat danborradan ateratzen direnekoa. Eguraldia haurren danborrada zapuztekotan egon da, baina azkenean ateratzea erabaki dute. 10:00ak pasatuta bildu dira udaleko ordezkariak, eskoletakoak eta haurren gurasoak, eta haurren danborrada aterako zela erabaki dute. Haurrek, ordea, kazkabarrari ere aurre egin behar izan diote, Araitz Muguruza BERRIAko kazetariak kontatu duenez, hala ari baitzuen Donostian.
2012an, bertan behera geratu zen haurrena eguraldiagatik, eta atzeratu egin zen. Gaur zaparradak maiz egingo ditu, baina 12:00etan Alderdi Eder kolorez jantzi da. 50 konpainiatan banatuta atera dira haurrak. Lehen doinuak Alderdi Ederren jo ostean, handik abiatu dira ondoren Donostiako kaleetan jotzeko.
Haur danborrada da gaurko egunez eguraldiaren menpe egoten den jarduera bakarra. Antolatzaileek joan den asteko aurkezpenean jakinarazi zutenez, bertan behera geratuz gero desfilea datorren igandean egitea pentsatua zuten, hau da, urtarrilaren 26an. Igandean ere eguraldi txarra izanez gero, bertan behera utziko zuketen, 2015a arte.
2012an bi egun geroago egin zuten
2012an izan zen bertan behera geratu zen azken aldia, euriak ez baitzuen atsedenik eman urte hartan. Bi egun geroago egin zuten gaztetxoen desfilea, igandea zela baliatuta. Hiru hamarkada atzera egin behar da bertan behera geratu zen beste aldiekin topatzeko.
1981ean hala gertatu zen, eta 1978an gertatutakoa ere gogoan dute donostiarrek, urte hartan ere bertan behera geratu baitzen haurren danborrada; baina ez behin, hirutan baizik. Izan ere, martxoaren 19an antolatu behar izan zuten azkenean, euriak ez baitzuen lehenago egiteko aukerarik eman.
Sarriegiren doinuek hartu dute Donostia
Hotz, baina bero. Euripean, baina alai. Bart gauerdian igo dute Donostiako bandera Konstituzio plazan, eta San Sebastian eguna Sarriegiren doinu artean eta Gaztelubide elkarteko danbor eta kupel hortsen artean hasi da. Gauerditik milaka pertsona dabiltza kalez kale Gipuzkoako hiriburuko patroiaren eguna ospatzen.
Gauerdian puntuan ateri zegoen eguraldia Donostian, baina aurten ere euria da protagonistetako bat. Bandera igo duten unea salbuespena izan da, eta gutxira hasi du euria, berriro. Atzo arratsaldean Gaztelubideko eta Kresalako haur konpainiak euritako txanodunekin atera ziren, eta litekeena da hori izatea gaurko irudia ere.
Guztira, 25.000 danbor eta kupelen hotsak entzungo dira gaur Donostian. Eguneko beste ekitaldi nagusietako bat Urrezko Danborra emateko ekitaldia izan da. Joaquin Fuentes psikiatrak jaso du aurten hiriko ikur nagusietako bat. Autismoaren inguruan egin dituen ikerketek eta ekinbideek Donostia munduan ezagutarazteko balio izan dutelako eman diote.