Espainiak eta Frantziak ezarritako egutegien aurrean Euskal Herriko egutegi propioa aldarrikatzen duten hainbat eragilek, gaiari buruzko hausnarketa sakona egiteko beharra plazaratu dute. Premiazkotzat duten euskal egutegia gauzatu dadin, elkarlana ezinbesteko izango dela diote, eta horregatik egin dute hausnarketarako deia. «Urratsak eman nahi baditugu, Euskal Herriko egutegia eraiki nahi badugu, ezinbestekoa ikusten dugu eragile eta mugimendu ezberdinok batu eta hausnarketa hau batera garatzea, elkarrekin eta kohesioan lan egin dezagun», adierazi dute gizarte mugimenduetako hainbat eragileetako ordezkariek. Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Euskal Herriak Bere Eskola, Askapena, ESAIT, Anitzak, Bilgune Feminista eta Elkartzenek egin dute deia, agerraldia eginda.
Izan ere, egutegi propioaren aldarria berria ez den arren eta azken urteetan «jai egun arrotzen gainean hainbat dinamika eta borroka» egin badira ere, eremu bakoitzean «oso garapen ezberdinak» izan direla ohartarazi dute eragileek. Eta, «gure historia, nortasuna eta beharrak oinarri izango dituen egutegi propioa» lortuko bada, ezinbestekotzat dute batera jotzea.
Premiazkotzat dute. Azken urteetan, «Euskal Herria burujabe izateko hautua eta nazio identitatea desegiteko estrategia» hazi egin dela uste dute. Horren erakusletzat dituzte hezkuntza alorrean egindako aldaketak, «lurraldetasun historiko zein geografikoaren desitxuratzea», zein «kirol ekimen frantses eta espainiarrak» Euskal Herrira behin eta berriz ekartzea. Baita «egutegi arrotzen inposaketa» ere.
Frantziak zein Espainiak ezarritako egutegiek euskal herritarren «bizi erritmoa» ezartzen dutela ohartarazi dute. Eta, hori, bi helbururekin egiten dutela: «Naziotasun sentimendu arrotzak errotzeko», eta, Euskal Herriaren «ukazioan» urratsak emateko. Horretarako, Frantziaren eta Espainiaren «botere eta indar erakustaldiak» oinarrian dituzten egun sinbolikoak barneratu nahian ezartzen zaizkie, euskal herritarrei, haien jai egunak.
Urriaren 25ean, kalera
Berriki, gainera, «Euskal Herriak bizi duen zatiketa eta nazio eskubideen urraketan» beste urrats bat egin dutela salatu dute. Hego Euskal Herriko «zatiketa administratiboan sakondu asmoz», urriaren 25a Gernikako Estatutuaren eguna izendatu dutela.
Aurtengo egutegian dago, aurrenekoz, urriaren 25a gorriz markatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Herri osoari egindako eraso berritzat» dute izendapen hori eragileek, eta beraz, «erantzun» beharra dagoela uste dute. Hortaz, «politikariak Estatutuaren urtemuga ospatzen duten bitartean», herritarrak kalera irtengo direla jakinarazi dute. «EAEko egutegian gorriz markatu berri duten egun hau ez dugu jaitzat hartuko; ez dugu gure nazio nortasunarekiko eraso gehiago onartuko», ohartarazi dute.
Atzoko eguna ere lan eguntzat jotzen dutela azaldu, eta, hemendik aurrera, gaiari buruzko hausnarketa partekatzera deitu dute.
Egutegi propioari buruz hausnarketa bateratua egiteko deia egin dute
«Nazio identitatea desegiteko saioei» elkarrekin erantzutea proposatu dute hainbat gizarte eragilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu