Hego Euskal Herrian gobernu batek aurreneko aldiz lizentzia bat gorde du irabazi asmorik gabeko zerbitzu komunitarioa eskaintzen duten irratientzat. Joan den astean ezagutarazi zuen lehiaketa publikoa Nafarroako Gobernuak.
Eguzki irratiak agerraldi publiko bat egin du gaur, eta irratiko ordezkari Fertxu Izquierdok esan du "oso albiste ona" dela irrati komunitario batentzat lizentzia ateratzea, "irrati libre edo komunitarioen ibilbide luzearen onarpen legala ekartzen duelako". Irrati libreak eskerrak eman dizkio Nafarroako Gobernuari, "urratsa egiteko ausardia izan duelako". Nafarroako administrazioak egindako urratsa irrati libreen mugimenduak azken 40 urteetan egindako lanaren ondorioa dela uste du Eguzkik.
Izquierdok iragarri du Eguzkik ez duela aukera hau galduko: "Geure burua lehiaketa honetara aurkeztuko dugu, ilusio handiz eta gogotsu Iruñeko irabazi asmorik gabeko irrati komunitate-zerbitzuetarako lizentzia hori lortzeko asmoz". Bide batez, Nafarroako Gobernuari adi egoteko eskatu dio, proiektu komunitario edota irrati libreekin zerikusirik ez duten bestelako proiektu "kamuflatuak" aurkez daitezkeelako. "Hori, gure ustez, iruzur handia litzateke Nafarroako gizartearentzat".
Eguzkik deia egin die beren entzule, bazkide eta kolektiboei ondoan egoteko, "irratiaren etorkizunerako erabakigarria izan daitekeen une garrantzitsu honetan". Haientzako mezu argia bidali du irratiak: "Lan dezente daukagu aurrean, eta honaino iritsi bagara, haien bultzadari eta laguntzari esker izan da".
Iruñeko irrati libreak ohartarazi du oraindik ikus-entzunezko komunikazioaren lege orokorra "nahiko urria" dela alde askotan, eta hobetu daitekeela. Irrati komunitarioentzako lizentzia gehiago eskatu die gobernuei Eguzkik.