Euskal Herriaren Aldek (EHA), Ipar Euskal Herriko abertzaleak eta ezkertiarrak biltzen dituen plataformak, EH Bai koalizioaren aldeko apustua egiteko deia egin du datorren urteko hauteskunde kantonaletarako. Urriaren 2an egin behar duen batzar nagusian berretsiko du erabakia, baina dagoeneko EA eta Batasuna zoriondu ditu koalizioa berriz osatzearen alde agertu direlako.
Ixabel Etxeberria, Santiago Kapendegi eta Battit Ameztoi plataformako eledunek eman zuten horren berri batzar nagusia iragartzeko prentsaurrekoan. EHAk ezinbestekotzat jotzen du abertzaleen bat-egitea Balladur Erreformaren aurrean, Ipar Euskal Herriak zuen «izaera apurra» kenduko diolako, batetik, eta bestetik, ETAk iragarritako su-etena dela eta, une egokia delako. EH Bai abertzale aurrerakoien topagunea da haien erranetan, eta AB Abertzaleen Batasunari bat egiteko deia egin dio. Aurtengo eskualdeko hauteskundeetan dagoeneko hirurak batera aurkeztu ziren. ABk Europe Ecologierekin bat egiteko aukerari buruz, berriz, ez dute ezer esan nahi izan, alderdiari dagokiolako horren erabakia. Hala ere, EHAk zehaztu du, haren ustez, Frantziako alderdiek eta abertzaleek ez dituztela interes berak.
EH Bai hautagaitza sustatzeko deia egin du EHA plataformak
Abertzaleen Batasunari EAk eta Batasunak egindako hautu bera egiteko eskatu diote EHAko eledunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu