EH Baik legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzuliko emaitzen balorazio "biziki positiboa" egin du, eta emaitza horiei esker ezkerreko lehen indarra dela nabarmendu. Gaur egin du joan den igandeko emaitzak baloratzeko agerraldia, eta bigarren itzuliari begira hiru hautesbarrutietan batu dituzten 12.665 hautesleei ez diete agindu boza nori eman. Peio Mentaren hitzetan, “ez da bigarren itzulian EH Bairen proiektu politikoarekin antzekotasunik duen proiekturik". Lehen itzulian hautagai izandakoak azaldu duenez, EH Bairen hauteslea "aski heldua da bigarren itzulian jarrera koherentea izateko". Hiru hautesbarrutietatik batean ere ez dute emango bozaren inguruko aholkurik, eta erabakia hautesbarruti bakoitzeko militanteek amankomunean hartu dute.
Anita Lopepek nabarmendu du duela bost urte baino emaitza "hobeak" lortu dituztela eta proiektua "errotzen" ari den froga bazela. Besteak beste, laugarren hautesbarrutian, Biarnoko lurrak kontuan hartu gabe, EH Bai bigarren indarra litzateke, eta, beraz, bigarren itzulira pasatuko litzateke. Horrek hautesbarrutiaren egituraketa "antinaturala" azaleratzen duela azaldu du. Seigarren hautesbarrutian, ezkerreko abertzaleak hirugarren indarra izan dira, eta herri ainitzetan bigarren postuan kokatu izana azpimarratu du Lopepek. Hautesbarruti honetan, Miarritzeko emaitza "apalak" ere izan ditu gogoan. Bukatzeko, bosgarren hautesbarrutiari doakionez egoera "zailagoa" dela aipatu du, nahiz eta %5eko muga pasatu duen hautagai abertzaleak. Duela bost urteko emaitzekin alderatuta, bai boz kopuruan eta bai ehunekotan gora egin dutela izan du gogoan.
"Urteetako militanteen" lanaren emaitza izan dela ohartarazi dute, eta ez aste batzuetako hauteskunde kanpainarena. Horretarako "eginkizun berean" segituko dutela iragarri du Peio Etxeberri-Aintxartek, EH Bairen "hiru ezaugarriren inguruan: abertzalea, ezkertiarra eta ekologista". Abertzale gisa, nabarmendu dute Euskal Herrian oraindik ez dela bake jokalekurik, eta presoen eta gatazkaren arrazoi politikoen konponketa dutela "eginkizunetan". Besteak beste, "preso gaixo eta kondizionalean atera daitezkeen presoen kaleratzea" eskatu dute. Ezkertiar gisa Martxan gobernuak lan kodearen inguruan egin nahi dituen erreformen "aurka" karrikan izango direla azaldu dute. Azkenik, ekologista gisa, Lapurdi barnealdean SudMine enpresak egin nahi dituen urre ustiaketen "geldiarazteko" deia egin dute. Zehaztu dute urre ustiaketak egin nahi dituzten hautesbarrutian Vincent Bru hautagai izango dela bigarren itzulian eta "azkenean bere posizioa argitu badu ere aurka dagoela erranez, bere alderdia alde da". Meategiaren egitasmoaren kontra irailaren 16an Baionan iraganen den manifestaziora joateko deia egin dute.