Irudiak badu bere pisua. Laura Mintegi EH Bilduko gasteizko parlamentaria Nafarroako parlamentuan. Elkarrekin egin dute prentsaurrekoa bi parlamentuetako kideek iruñeko parlamentuko prentsa bulegoan. Mahaia txiki gelditu arren, argazkiari eman diote garrantzia. Iruñeko hiru parlamentari (Maiorga Ramirez, Bakartxo Ruiz eta Asun Fernandez de Garaialde) eta Gasteizko hiru (Laura Mintegi, Rebeka Ubera, Juanjo Agirrezabala, Diana Urrea), guztiak elkarrekin.
Banaketa administratiboa gainditzeko eta elkarlana bultzatzeko borondatea eszenifikatu nahi izan dute irudiarekin. Egun, “hutsala” da Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana, baina gainditu beharrekoa da hori Mintegiren hitzetan: “Ezinbestekoa da agenda bateratu bat egitea”.
Erronka “handi” eta “urgenteak” ditu gizarteak aurrean, eta haiei aurre egiteko “herri izaeraz” jokatu beharra dagoela uste du EH Bilduk. Gatazka eta normalizazio politikoa da elkarlanaren bidez landu beharreko alor horietako bat. “Bi gobernuek egin behar dute diagnosia, eta biek aurkeztu beharko dituzte egoera gainditzeko eman beharreko urratsak”. Eta elkarlanean egin beharrekoa da hori Mintegiren hitzetan. “Ulergaitza da nola ez dagoen komunikazio gehiago bi administrazioen artean”. Galdera zuzena egin du horregatik parlamentariak: “Gatazka politikoa gainditzeko bi gobernuek badute aurreikusita goi mailako bilerarik?”.
“Arduragabekeria” da EH Bilduko ordezkarien aburuz egoera ekonomikoari aurre egiteko elkarlanerako gunerik ez bilatzea. Amankomuna behar du diagnosiak haien ustez, eta amankonuna behar du erantzunak ere. Eta gizarte alorretan, kulturan eta hizkuntza politikan ere badago zer adostua. ETBren kasua jarri dute adibidetzat. “Gaur egun posible da Nafarroan CNN ikustea, baina ETB ez da ikusten”.
Gainera, Nafarroan euskarazko telebista ikusi ahal izateko egindako saiakerak zigortu egin direla ere salatu dute. Bi gobernuek elkarri errua bota tzen dabiltza egun, koalizioko kideen arabera, baina elkarren artean bilatu behar lituzkete irtenbideak. “Zigortu ordez, akordioak bilatu, eta euskarazko telebista ikustea bideratu behar litzateke”, adierazi du Mintegik.
UPNren "obsesioa"
UPNren “sortzezko obsesioa” izan dira elkarlanerako oztopoetariko bat Ramirezen ustez. “Nafarroak bazituen hitzarmenak Aragoirekin, bazituen hitzarmenak Errioxarekin, baina kasik ez zuen beste lurraldeekin elkarlanerako markorik”. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiarekikoez ari da Ramirez, eta konplexurik gabeko elkarlanerako deia egin du horregatik. Mintegiren arabera, ez da soilik koalizioaren kezka; “gizartetik datorren eskaria da”.
Eta hari oihartzuna ematea da parlamentarien asmoa. Eusko Jaurlaritza eratu berria elkarlanera bultzatzea dute xede, eta erantzun “argiak eta zehatzak” eskatuko dituzte horregatik.
Sei galdera helaraziko dizkiete gobernuei Iruñeko eta Gasteizeko parlamentuetan. Galdera berak, bi gobernuei. Bi erakundeen arteko harremana zertan den azaltzeko eskatuko diete, jadanik martxan diren hitzarmenak indartu eta garatzeko tresnarik baden, eta elkarlanerako guneak sortzeko borondaterik baduten.