Espainiako Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Dignidad y Justicia taldeak Gernikako alkate Jose Maria Gorroño alkatearen aurka jarritako salaketa. Plataformaren iritziz, "terrorismoa goratzea eta zuritzea" izan zuen helburu Gernikako Udalak ezker abertzaleko buru Arnaldo Otegiri eta PSE-EEko kide Jesus Egigureni emandako sariak.
EH Bilduko legebiltzarkide Maribi Ugartebururen ustez, auzia "egungo egoera zapuzteko ahaleginari" dagokio, "eta bakea nahi ez dutenak" izan dira bultzatzaileak: "Ez dute bakerik nahi; ez dute naghi zabaldu den egoera berri honek aurrera egin dezan, eta ahalegin oro egiteko prest daude bide horretan".
Auziaren "larritasunaz" ohartarazi du Ugarteburuk, eta gogorarazi Otegi espetxean dagoela oraindik: "Hau guztia ulergaitza gertatzen da euskal herritarrentzat".