Larunbatean osatuko dituzte udalak Hego Euskal Herrian, eta alkatetzak eta udal gobernuak zehazteko negoziazioetan ari dira alderdi politikoak. Iruñean, programaren gaineko akordioa "ia itxita" dute EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Ezkerrak, Joseba Asiron EH Bilduko hautagaia izan dadin alkate. Indar politiko horietako ordezkariek bilera bat egin dute azken zuzenketak adostutako dokumentuan jasotzeko, eta ostegunean batzartuko dira berriz (16:30ean). Espero da bilera horren ostean zeharo itxita egotea ituna.
Errenteriko EH Bilduk eta Irabaziz koalizioak (Ahal Dugu-ko kideak, IU-Ezker Anitza, Equo) "udal legealdiko oinarrien" hitzarmena sinatuko dute bihar, Koldo Mitxelena ikastetxearen atarian (19:00). Julen Mendoza EH Bilduren alkategaiak eta Irabazizeko kide batek hartuko dute hitza. Bi taldeen artean gehiengo osoa edukiko dute agintaldi berrian. Larunbatean izango da alkatearen inbestidura saioa; Mendoza hautatuko dute.
EH Bildu izan zen Errenteriako zerrendarik bozkatuena maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan, 5.938 botorekin (zazpi hautetsi). Ondoren geratu ziren PSE-EE (5.276 boto, zazpi hautetsi), Irabaziz (3.518 boto, lau hautetsi) eta EAJ (2.725 boto, hiru hautetsi). PPk ez zuen zinegotzirik lortu 877 botorekin.
Legealdi honetan Mendoza egon da alkatetzan. Ezker Anitzako hautetsiaren babesa izan du Bilduk gobernatzeko.
Eguesibarren, berriz, Alfonso Etxeberriak (Geroa Bai) alkatetzan jarraituko du 2015-2019 legealdian, hura izendatzeko ados jarri baitira Geroa Bai, EH Bildu, Ezkerra eta Eguesibar Gara. Hainbat puntu adostu dituzte: gardentasuna, giza eskubideen bermea, ibarreko enpleguaren garapena eta parte hartzearen sustapena. Gobernagarritasun itun batera heltzeko elkarrizketetan jarraitzen dute lau indarren artean.