EH Bildu "pozik" dago atzo Ipar Euskal Herrian egin ziren udal bozetan ezkerreko abertzaleek lortutako emaitzekin, ohar bidez jakinarazi duenez. "Elementu esanguratsuak islatu dira lehen itzuliko emaitzetan, tartean, ezkerreko indar abertzaleek jaso duten babesa gorantza doala eta abertzaletasun progresista indartzen ari dela, ez modu orekatuan, kostaldean eta barnealdean".
Hauteskundeen atzoko emaitzak azken urteetan egindako lanaren fruitu dira, alderdiaren arabera, eta "eremu guztietan elkarlana indartzeko" ateak zabaldu ditu. Hauteskundeen bigarren itzuliaren zain, etorkizunean indar abertzaleek zeresana izango dutela sinistuta dago EH Bildu: "Modu batean edo bestean, argi dago etorkizunean Ipar Euskal Herriko egoera politikoan oso kontuan hartu beharko dutela ezkerreko abertzaleen presentzia".
Alde horretatik, zorionak eman dizkiete "ezkerreko abertzaleen proiektua indartzeko lanean dihardutenei eta zerrendak osatzeko eta bultzatzeko konpromisoa eta lana gauzatu dutenei".