Jaurlaritzaren aurrekontuak

EH Bilduk 233 milioiko zuzenketak aurkeztu dizkio Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari

Pentsiodunek DSBEren bidez jasotzen duten osagarria handitzea proposatu du, besteren artean. Neurria onartuz gero, 732 euroko gutxieneko pentsioa 858 eurokoa izatera pasatuko litzateke. Elkarrekin Podemosek eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu dituzte.

Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte eta Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak, gaur, Eusko Legebiltzarreko erregistroan, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari emendakin partzialak aurkezten. @EHBILDU
2018ko azaroaren 30a
09:51
Entzun

Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontuen gaineko negoziazioak oraindik itxitzat jo ez dituztela, 19 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio EH Bilduk gobernuaren aurrekontu proiektuari. Orotara, 233 milioi eurori eragingo lieken aldaketak proposatu ditu koalizioak. Zuzenketa horien artean dago pentsio baxuenentzako DSBEren bidezko osagarria handitzea. Neurri horren bidez, gutxieneko pentsioa 732 eurotik 858ra handitzea proposatu du EH Bilduk.

Leire Pinedo eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek erregistratu dituzte zuzenketak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. Aurretik, proposamenak azaldu dituzte hedabideen aurreko agerraldian. Koalizioko ordezkarien esanetan, aurkeztu duten proposamena ez da pentsiodunek eskatzen duten 1.080 euroko gutxieneko pentsiora heltzen, baina "urrats garrantzitsu bat" izango litzateke bide horretan. "Erronka handia da, baina posiblea da", adierazi dute.

EH Bilduk aurrekontuei bide emateko Jaurlaritzari egin zion hasierako proposamenean, 420 milioi inguruko aldaketak egiteko eskatu zion Iñigo Urkulluren gobernuari. Aurkeztu dituzten zuzenketa partzialek diru kopuru txikiagoari eragiten dienez, azken proposamena hasierakoaren aldean exijentzia txikiagokoa den galdetuta, ezetz erantzun dute Pinedok eta Kortajarenak. EH Bilduko legebiltzarkideek azaldu dute, pentsioen osagarria "eskubide subjektiboa" den heinean, zuzenketetan jasotako diru kopurua handitu egin beharko duela Jaurlaritzak eskari guztiei erantzuteko.

Aurrekontuei osoko zuzenketarik ez ziola aurkeztuko iragarri zuen koalizioak, asteazkenean. Jaurlaritzari akordioa lortzeko "bigarren aukera bat" emango ziola adierazi zuen, eta aurrekontuei bi abstentziorekin bide emateko eskariaren "bi zutoinak" berretsi zituen: "diru-partida nahikoak bideratzea pentsio baxuenak osatzeko eta osagarriak jasotzeko baldintzak malgutzea".

Elkarrekin Podemosek eta PPk, berriz, iragarri bezala, osoko zuzenketak aurkeztu dituzte. Bi indarrek adierazi dute ezezko borobila emango diotela Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari. Elkarrekin Podemosek 450 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, osoko zuzenketaz gain. 320 milioi eurori eragiten die proposatutako aldaketek. Koalizioaren esanetan, zuzenketek frogatzen dute posiblea dela gobernuaren gizarte politiken norabidea biratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.