EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak eta Leire Pinedok azaldu dute zein izango den koalizioaren botoa Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren Legeen bozketetan. Gogorarazi dute lege horiek EAJren eta PPren artean izandako negoziazioen ondorioz iritsi direla hamar urtez iraun duen blokeo baten ostean, "Espainiako Gobernuak denbora tarte horretan ez duelako legea betetzeko borondaterik izan", eta deitoratu dute "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren ongizatea Espainiako Gobernuaren unean uneko ahultasunaren arabera" erabakitzen dela.
Akordioa lortu izana ontzat jo duten arren, iruditzen zaie akordioa bera ez dela ona, Eusko Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera Espainiako Gobernuari behar baino 277 milioi euro gehiago ordaindu beharko dizkiotelako. Eta akordioa egiteko moduari ere ez diote egoki irizten: "Bi alderdiren arteko negoziazio baten ondorioa izan da, herritarrei bizkarra emanda, Eusko Legebiltzarrean gaiaren inguruko adostasuna bilatu gabe negoziazioari herri gisa ekin ahal izateko, eta legebiltzarrean negoziazio horren berri eman gabe". Horregatik, Kontzertu Ekonomikoaren Legeari baiezkoa eman eta Kupoaren Legearen aurrean abstenitu egingo direla azaldu du Beitialarrangoitiak.
Pinedok argitu du zein den koalizioaren jarrera kontzertu ekonomikoaren aurrean. "Autogobernurako tresna" dela esan du, baina "Madrilekin lotzen" dituzten soka ere badela. "Ez da pribilegioa, zergak geuk kudeatuta arriskuak ere geure gain hartzen ditugulako", esan du. Ez du ontzat jo kupoaren bidez ordaintzen diren "ustezko zerbitzuak" monarkia, armada, Espainiako Estatuaren segurtasun indarrak eta antzekoak izatea, "hau da, euskal herritarrek nahi eta behar ez dituztenak", eta erantsi du elkartasuna ezin dela oinarritu "horrelako instituzioen finantzazioan".
Erkoreka: "Ulertezina eta esplikaezina"
EH Bilduren erabakia "ulertezina eta esplikaezina" iruditu zaio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari. Jeltzalearen iritziz, kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren aurka dauden alderdiei "babesa" ematen die koalizioaren estrategiak. Gobernu bileraren ostean egin ditu adierazpenok Erkorekak. "EH Bilduk berak azaldu beharko dio gizarteari bere erabakiaren arrazoia, eta duda dugu ulertuko dutenik". Kupoaren Legea "autogobernuaren berezitasun nagusienetakoa" dela adierazi du-