Konponbideari begira

EH Bilduk akordio zabalak nahi ditu Bakerako Euskal Bidea garatzen hasteko

Koalizioak gaur aurkeztu du gatazkaren ondorioak konpontzen hasteko asmoz proposatu duen dokumentua, Donostian. Biktimak eta memoria arloan, prest dago "egindako min guztia onartzeko ariketa kritikoak errazteko hausnarketa praktikoak" egiteko. Euskal presoak Iruñeko eta Zaballako kartzeletan batzeko eskatu du, eta haientzat 'baldintzapeko askatasun aurreraturako' kaleratze programa nahi du, "lege baliabideak erabiliz eta bakarkako aplikazioarekin". "ETAren armategien deuseztatzea arrazoizko epe batean" burutzeko, Armagabetze Batzorde Independente bat eratzea proposatu du. Espainiako polizia indarrak erretiratzeko plan bat egiteko ere galdegin du. (Bakerako Euskal Bidea dokumentua osorik, laster)

enekoitz esnaola
2015eko apirilaren 26a
11:58
Entzun

EH Bilduk "beharrezkoa" ikusi du euskal gatazkaren ondorioei bukaera emateko asmoz proposamen bat egitea, berak ere "posizioa finkatzeko". Haren arabera, orain arte beste adierazpen, dokumentu eta ekinbide batzuk bere egiten aritu da, baina EH Bilduk koalizio gisa bere ekarpen "propioa eta zehatza" egiteke zeukan. Orain badu, eta “proposamen bideragarria” dela deritzo, “bake prozesua sendotuko duten urratsak egitea eskura” egongo delakoan; Donostian aurkeztu du Bakerako Euskal Bidea, Miramon parke teknologikoan. Pello Urizar, Asun Fernandez de Garaialde eta Hasier Arraiz mintzatu dira.

Lau arlotan banatu du proposamena: biktimak eta memoria; zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera; armagabetzea; eta desmilitarizazioa. "Gai bakoitzak bere trataera propio eta zehatza behar du. Hala ere, elkarren arteko harreman zuzena izanagatik, laurak osotasunean hartu behar dira, bide orri bakar bezala". 

Ekarpenaren egileen esanetan, "akordio zabalak" bilatuko ditizte, baina eragileekin akordioak partzialak izan daitezke, osotasunezkoak ezin badira egin eragileen ezaugarriengatik edo desadostasun zehatzak baldin badaude. Beraz, planak aurrerabidea izateko, EH Bildu prest dago gaikako akordioak lortzeko eta plana modu gradual batean garatzeko. Eragileekin bilera sorta hasiko du, baina bilkurak ez dira publiko egingo. 

Lau arloetako edukiak

Bakerako Euskal Bideak baditu berritasunak edo garrantzitsuak izan daitezkeen puntuak. Kasurako, lehen arloan, "gertatutako guztiaren memoria osoa jasotzeko, giza eskubideen urraketa guztiak biltzeko datu base bat" egitea proposatu dute, baita Egiaren Batzordea sortzea ere. Halaber, koalizioa "memoria kolektiboa, plurala eta integratzailea sustatzearen aldekoa" izanik, uste du askotariko eragileen artean "indarkeriaren erabilerarekiko eta biktimekiko hartutako erabakiekiko hausnarketa praktikoak" egiten badira, "egindako min guztia onartzeko ariketa kritikoak egitea erraztu" egingo dela.

Bigarren atalean, justizia trantsizionalaren ideia dakar, batetik. Euskal presoen arloan neurriak proposatzera dator ondoren. Hala, presoak Iruñeko eta Zaballako (Araba) espetxeetan bildu behar direla zehaztu du, eta 'baldintzapeko askatasun aurreraturako' kaleratze programa bat abian jartzea proposatu du, bere garaian Ipar Irlandako bake prozesuan hartu zuten neurriaren antzekoa. "Etxeratze prozesua lege baliabideak erabiliz eta bakarkako aplikazioarekin egitea bultzatuko da. Programa horrek jasoko luke euskal presoek Euskal Herrian irekitako agertoki politiko berriarekiko konpromisoa erakustea eta indarkeriazko bideei uko egitea, eta beren jardueraren ondorioz eragindako mina aitortzea".

ETAren armagabetzean, EH Bilduk baztertu egin du irabazlea-galtzailea eskema irudikatuko lukeen eredu oro; haiek diotenez, nazioarteko beste prozesuetan ere ez da horrelako formularik erabili. Zehaztuz, koalizioak Bakerako Euskal Bidean dioena da helburua "armagabetzea, ETAren armategien deuseztatzearen bidez burutu" behar dela. Horretarako "gertaeren sekuentzia" marraztu du: "lehenik eta behin, ETAren armategien zigilatze eta egiaztatze prozesua" nahi du, "ahal bezain lasterren"; Armagabetze Batzorde Independente bat sortzea proposatu du; eta haren zeregina litzateke "ETAren armategien deuseztatzearekin bukatuko den prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostu bat diseinatzea", eta hori "azken bururaino eramatea, arrazoizko epe batean".

Espainiako Estatuko Segurtasun indarrak erretiratzen hasteko plan bat eskatu du desmilitarizazioaren atalean.

Euskal gizarteari "akordio zabalak" lortzeko eskaera

Aieteko Nazioarteko Konferentziako (2011) Adierazpenaren ondoren ETAk jarduera armatua betiko bukatu zuen arren, Espainiako eta Frantziako gobernuek "jarrera itxia eta oztopatzailea" izan dutela arbuiatu du EH Bilduk. "Konponbide integralerako baldintza berri eta eraikitzaileak" nahi ditu, eta euskal gizarteari dei egin dio "akordio zabalak" erdiestera. Bere ekarpena "irekia" dela azpimarratu du. 

Euskal Bidean bezala —joan den urtarrilean aurkeztu zuen euskal estatua helburu duen egitasmoa—, fokoa gizartean jarri nahi du Sortu, EA, Aralar eta Alternatibaren koalizioak, baina iragarri du instituzioen parte hartzea ere bilatuko duela. Sortu eta EAJ lau atal haiez hizketan ari dira, dokumentuak elkar trukatuz, baina EH Bilduk bere proposamena hortik bereiztu egin du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.