EH Bilduk irailetik dauka Isabel Sanchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuaren aurkako gaitzespen mozioa. Baina orain aurkeztu du, zahar etxeetako greba bukatu denean. Koalizioak esan du ez zutela lan gatazkarekin nahastu gura. Izan ere, greba horretan diputazioak izan duen jarrera izan da mozioa aurkezteko arrazoi nagusietakoa. "Batzarkide taldeak behin eta berriro eskatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa, eta beti jaso dugun erantzuna izan da 'langileen eta enpresarien' arteko gatazka zela, aldundiak 'ez duela zer ikusirik'. Bizkaiko Foru Aldundiak azpikontrataturiko plazak ordaintzeko 100 milioi euro baino gehiago jartzen dituenean, ez duela zer ikusirik?", hausnartu du Arantza Urkaregik.
Bizkaiak duen egoitza sareak "ez du bermatzen kalitatezko egoitza zerbitzua ematea behar duen bizkaitar orori". Hala salatu du David Lopetegik. Zehaztu du leku guztietan ez dagoela plaza nahikorik. Diputazioak bakoitzak nahi duen egoitza hautatzeko aukera ematen du. Baina hori ez dela egia esan du Lopetegik: "Plazarik ez badago, edo eskaintzen dizuten plaza ez baduzu onartzen, aldundiak eskaintzen dizun laguntza, hau da, 401,20 eta 833,96 euro arteko kopurua emango dizute, baina zuk jarri beharko duzu zure poltsikotik, egoitza pribatua ordaintzeko falta dena. Beste 1.500 edo 2.000 euro".
Era berean, egoitzen sarean enpresa pribatuak saritzen direla uste du EH Bilduk. Batetik, ohe gehienak itunpeko egoitzetan daudelako. Eta, besteitk, egoitza publikoen kudeaketa "enpresa pribatzuen esku" utzi delako.
Azkenik, gizarte zerbitzu eta laguntzetan eraginkortasuna bermatu eta iruzurra saihesteko plana kritikatu dute. Laguntzak bai, kontrola ere bai kanpainak estigmatizazioa dakarrela ohartarazi dute.
Legegintzaldi honetara arte, Bizkaiko Batzar Nagusietan ez da diputaturik gaitzesteko aukerarik egon. Araudi berriak ekarri du mozio mota hori. Beraz, ez dago argi nola jokatu behar duten orain. Datorren asteartean bilduko da Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaia, eta han erabakiko dute zer egin. Edonola ere, Bizkaiko Foru Aldundia sostengatzen duen EAJ eta PSE-EE arteko gobernu ituna indarrean dagoen bitartean, ez du aurrera egiteko aukerarik.