Politika

EH Bilduk Carmen Albaren dimisioa eskatu du

Adolfo Araizen arabera, "inork hautatu ez duen figura politiko bat" da Espainiako egungo ordezkaria, eta udan sute politikoak piztu nahi izatea egotzi dio. Hatortxu Rock jaialdian Guardia Zibilak ezarritako kontrolak ere salatu ditu EH Bilduko parlamentariak.

Carmen Alba Espainiako Gobernu ordezkaria eta Javier Hernandez Guardia Zibilaren Nafarroako koronel burua, iragan ekainean, drogaren aurkako operazio baten berri ematen. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2017ko abuztuaren 3a
14:12
Entzun

Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariari ohartarazpena igorri dio EH Bilduk. Sanferminen lehen egunean Iruñeko Udalean ikurrina agertuz geroztik, helegitea jarri zuen Albak, eta antzeko jarrera hartu du beste herri batzuetako festen hasieran. Berriki Albak adierazi duenez,  "ikurrina eta euskara inposatu nahi ditu" laukoak.

UPN eta PP etengabe errepikatzen ari diren leloa da hori, baina Albaren kasuan, bere figura politikoari erreparatu dio Araizek. "Inork ez du hautatu, eta Nafarroako eguneroko politikaz hitz egiten du. Uste dugu ez duela zilegitasunik horretarako". Araizen arabera, Albak makina bat obsesio ditu, eta horietariko bat ikurrinarena da. "Obsesionatuta dago ilegala dela Nafarroan, eta horregatik sartu ditu horrenbeste helegite".

Hatortxu Rock jaialdiarekin ere gertatutakoa salatu du Araizek. Iragan astean izan zen presoen eskubideen aldeko musika jaialdi hori, eta, Araizen arabera, Albaren agindupeko Guardia Zibilak "probokazio jarrera" izan du, makina bat kontrol ezarriz: "Etengabeko probokazioa izan da, eta Alba horren gainean egon da. Ez du ezer egin eteteko".

Araizen arabera, antolatzaileak ez dira probokazioan erori. "Eskerrak ez dela deus gertatu. Eskerrak antolatzaileek eta foruzainek izan duten ardura".

Horregatik guztiagatik, EH Bilduko eledunak uste du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak egun ez duela zentzurik. "Figura horrek desagertu egin beharko luke, ez baitu zentzurik, baina, desagertzen ez den bitartean, Carmen Albaren dimisioa eskatzen dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.