Eragile politiko, ekonomiko, sindikal eta sozialekin egiten ari den bilera sailaren barruan elkartu du EH Bildu gaur Confebask EAEko enpresarien elkartearekin, Bilbon, azkenaren egoitzan, egoera politiko, ekonomiko eta soziala aztertzeko "eta herri honek dituen erronka nagusiei konponbideak bilatzeko". Koalizioak ondoren esan du bi eragileen "harremanetan aro berri bat irekitzeko balio" izan duela bilkurak. Pasa den urrian Confebaskek ez zuen EH Bildu gonbidatu ETAren biktima izan ziren enpresarien omenaldi batera. Udan, berriz, polemika batean ibili ziren Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartea eta EH Bildu turismoari buruz.
EH Bildutik Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Iker Casanova legebiltzarkide eta Industria Idazkariak, eta Leire Pinedo legebiltzarkide eta Fiskalitate idazkariak hartu dute parte. Confebasketik Eduardo Aretxaga zuzendaria edota Roberto Larrañaga presidentea egon dira.
EAEko autogobernua eta etorkizun politikoa hizpide izan dituzte, koalizioaren esanetan. EH Bilduk "kezka" azaldu du Espainiako Estatutik "behin eta berriro" agertzen diren "birzentralizazio" asmoekin, eta "autogobernu eta burujabetza maila handiagoak izatearen beharra" azpimarratu du, "modu horretan euskal ekonomia eta euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta sendotzeko, beti ere gehiengo politiko eta sozial berrietan oinarrituta".
Enpleguaren egoeraz eta kalitateaz, euskal industria "indartzeaz eta modernizatzeko premiaz", eta "zerga eredu justu eta ekitatiboa ezartzeko beharraz" ere mintzatu dira, eta koalizioak aitortu du ikuspuntu desberdinak izan dituztela.
Confebask-ek adierazi du "Euskadiren ia irudi apokaliptikoa" ematen dutenekin ez duela bat egiten, errealitatea beste bat dela irizten baitio. Elkarteak esan du estatuko beste erkidego batzuekin alderatuz EAEn daudela soldata handienak, eta langileen hiru laurdenek kontratu mugagabea dutela. EAEko ekonomiaren "motore nagusia" industria dela nabarmendu du. EH Bilduri fiskalitateari, testuinguruari eta lan harremanei buruzko txostenak eman dizkio.
Koalizioarekin harremanetan jarraitzeko prestasuna azaldu du Confebaskek.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak esan du espero duela "eraikitzeko, hobetzeko esparru bat" sortzea gaurko bileratik.