EH Bilduk gaur goizean erregistratu ditu Hauteskunde Batzordean Eusko Legebiltzarrerako bozetan aurkeztuko dituen hautagaien zerrendak. Zerrendaburu Arnaldo Otegi (Gipuzkoa), Miren Larrion (Araba) eta Jasone Agirre (Bizkaia) izango dira. Atzo Maddalen Iriarte aurkeztu zuten Gipuzkoako zerrendako bigarren hautagai gisara. Bizkaian, Iker Casanova da bigarrena; Araban, Mikel Otero, Espainiako Kongresurako zerrendaburu izan zena ekainean.
Hauek dira zerrenda bakoitzeko bost lehenak:
Araban: Miren Larrion, Mikel Otero, Eva Lopez de Arroiabe, Josu Estarrona eta Eva Blanco. Belen Arrondok ixten du zerrenda.
Bizkaian: Jasone Agirre, Iker Casanova, Jone Goirizelaia, Julen Arzuaga eta Leire Pinedo. Zerrendako azkena Laura Mintegi da, eta tartean da Lutxo Egia idazlea ere.
Gipuzkoan: Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Pello Urizar, Rebeka Ubera eta Unai Urruzuno. Elena Beloki preso ohia da zerrendako azkena, eta tartean Xabier Irazusta Rosa Zarraren alarguna dago.
Izen ezagunak EAJren zerrendetan
Aurrez erakundeetan aritutakoak dira EAJren zerrendetako kide asko. Arabako zerrendaburua izango da Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia. Josu Erkoreka izango da Bizkaiko zerrendaburua, eta Joseba Egibar Gipuzkoakoa. Jone Berriozabal legebiltzarkidea izango da Arabako bigarrena, Iñigo Iturrate legebiltzarreko presidenteordea Bizkaikoa, eta Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea Gipuzkoakoa.
Hauek dira zerrenda bakoitzeko bost lehenak:
Araban: Iñigo Urkullu, Jone Berriozabal, Estefania Beltran de Heredia, Luis Javier Telleria eta Ana Oregi.
Bizkaian: Josu Erkoreka, Iñigo Iturrate, Josune Gorospe, Amaia Arregi, Jon Aiarza. Zerrenda amaieran da Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia.
Gipuzkoan: Joseba Egibar, Bakartxo Tejeria, Arantza Tapia, Kerman Orbegozo eta Irune Berasaluze. Tartean dira Gipuzkoako zenbait alkate eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Alonso, Senper eta Danborenea, PPren zerrendaburuak
PPk ere gaur aurkeztu ditu bozetarako zerrendak. Alfonso Alonso izango da lehendakarigaia eta Arabako zerrendaburua. Borja Senper (Gipuzkoa) eta Anton Danborenea (Bizkaia) dira beste zerrendaburuak. Arabako zerrendan daude, besteak beste, Javier de Andres Arabako PPko presidentea eta Laura Garrido alderdiaren bozeramailea; Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak ixten du zerrenda.
Gipuzkoako zerrendan dira Juana de Bengoetxea, Ramon Gomez, M. Carmen Lopez de Ocariz eta Ana Morales. Pilar Eliasek ixten du zerrenda, ETAk hildako Ramon Bagliettoren alargunak. Bizkaiko zerrendan dira Nerea Llanos eta Cristina Ruiz, eta Carlos Iturgaitzek ixten du zerrenda.