Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak Enplegu Batzordean azalpenak ematea nahi du koalizioak. Arri Zulaika legebiltzarkideak uste du "ezinbestekoa" dela Leioan izandako lan istripuaren testuingurua azaltzea. “EHUk badu zeresanik eta zer azaltzerik heriotza honetan, bera baita subkontratazio kate amaigabearen azken erantzulea".
Dioenez, Goirizelaiak agerraldi horretan azaldu beharko du "zer egiten duen berarentzat lan egiten duten enpresek prebentzio neurriak betetzen dituztela kontrolatzeko".
Zulaikak kezka agertu du Leioan gertatu berri denaren gainean. “Agerian geratzen da subkontratazioen errealitatea krudela dela". Haren hitzetan, "ankerra bezain onartezina da" erakunde publiko batek kanpoko enpresa bat kontratatzea lan batzuk egiteko, eta enpresa horrek beste hirugarren bat kontratatzea, bere menpe kontratu gabeko langileak izanda.
Dena den, uste du sistemak ezin duela "aitzakia" izan langileen lan eskubideak errespetatuak ez izateko.