EH Bilduk Eusko Legebiltzarrari eskatu dio gatazkaren konponbidean eman beharreko pausoak eztabaida sakon baten bitartez zehazteko osoko bilkura bat egiteko. EH Bilduko bozeramaile Laura Mintegik adierazi du indarkeriarik eta inposakearik gabeko egoera batera bideratzea beharrezkoa dela. "Horretarako, iraganera, egungo egoerara eta etorkizunera begiratu beharra dago", adierazi du Mintegik. Lehenik eta behin "orain arte gertatu denaren memoria" egitea beharrezkoa dela nabarmendu du. Euskal gatazka politikoak "ondorio dramatikoak" izan dituela ziurtatu du eta horien artean 1.200 hildakoak gogoratu ditu.
"Erantzukizunak askotarikoak eta zehatzak izan diren arren, ez gara gai izan indarkeriarekin amaitzeko. Kontrakoa egin dugu, gure hitzekin eta gure jarrerarekin gatazka elikatu dugu", adierazi du Mintegik. Biktimengandik, bai batzuengandik baita besteengandik ere, urrun egon direla esanez hausnarketa egin du.
Mintegik adierazi du biktima guztien egia eta justizia ziurtatu ahal izateko pausoak eman behar dituztela. "Bai ETAk eragindakoa, baita estatuak edo estatuaren politikek eragindakoa ere". Espetxe politikaren eta armagabetzearen gaiak konpondu behar direla nabarmendu du. Etorkizunean eskubide indibidual eta kolektiboen errekonozimendura pausoak eman beharko direla uste du, eta elkarbizitzan lagundu beharko dela.
PPk bere esku dagoen guztia egingo du bilkuran egin ez dezaten
Legebiltzarrean PPko bozeramaile Arantza Quirogak adierazi du bere esku dagoen guztia egingo duela osoko bilkura hori egin ez ezaten. Eta bilkura egiten badute haien denbora tartea "terrorismoaren biktimei" omenaldia egiteko eta EH Bilduri ETA kondenatzeko exijitzeko erabiliko duela ziurtatu du. Quirogak esan du espero zuela, EH Bilduren asmoa dela "hemen gertatutako oro gatazka baten ondorio dela erakustaraztea".