Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ahal Dugu-k eta EH Bilduk ekinbide bateratu bat aurkeztu dute elkarrekin Bidegi auziko ikerketa batzorde publiko berri bat abiatzeko. Xabier Olanok eta Juantxo Iturriak egin dute eskaera.
"Ustezko irregulartasunak argitzea" nahi dute batzorde horren bitartez, eta egon daitezkeen ardura politikoak argitzea. Lan horietan eginiko ordainketak eta lanak justifikatzen dituzten agiriak egiaztatzea nahi dute, eta eginiko obren "benetako kostua" nola ordaindu den jakitea.
Bi alderdiek gogorarazi dute aurreko legealdian alderdi guztiak agertu zirela halako batzorde bat egitearen alde, "beraz, ulertezina litzateke kontra bozkatzea".
Bada, EAJ alderdiak esan du ez duela babestuko batzorde horren sorrera. Beren esanetan, aurreko gobernuak sortu zuen ikerketa batzordea "jokaldi politiko bat" besterik ez zen izan, eta oroitarazten dute orduan esan zutela zantzurik topatuz gero EAJk berak bultzatuko zutela halako batzorde bat sortzea. "Baina, oraingoz ez dugu horrelakorik aurkitu. Ez dago ezer eta harrituko ginateke zerbait egongo balitz" adierazi dute ohar baten bitartez.
Alabaina, Gipuzkoako Diputazioko teknikariak gaia aztertzen ari direla zehazten dute. "Hortik haratago, Bilduren Aldundiak aurkezturiko kereilen gaineko instrukzioa egiten ari da epaitegia".
PP, ikertzearen alde
Juan Carlos Cano PPko batzarkideak babestu egin du auziari buruzko ikerketa batzorde bat martxan jartzea, iritzita Bidegi "kanalean ireki" behar dela "Gipuzkoan boterea izan duten guztiek eskukatu eta gero".
"Irregulartasunak egon edo ez", batzorde hori osatzea "lehen urratsa" dela azpimarratu du Canok: "Bidegik ezin du etengabe ustezko irregulartasunen, akusazioen eta susmoen iturri izan".