eae-ko aurrekontuak

EH Bilduk eta PSEk aurkeztu dizkiote osoko zuzenketak aurrekontu proposamenari

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu da Laura Mintegi, eta koalizioko bozeramaileak "zaila" ikusten du Urkulluk aurkeztu dion testuan ados jartzea. UPDk ostiralean aurkeztuko du osoko zuzenketa. Atzo Urkullu PPko Antonio Basagoitirekin bildu zen, eta PPk akordioa lortzea errazago ikusten du.

2013ko apirilaren 17a
17:32
Entzun

Iragarri bezala, bi osoko zuzenketa aurkeztu dizkio EH Bilduk Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, gastuen atalean bat, eta diru sarreren atalean bestea. Leire Pinedo legebiltzarkidearekin batera aurkeztu ditu osoko zuzenketak Laura Mintegi bozeramaileak. Aurretik, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilera izan dute.

Bilera horretan, Jaurlaritzako lehendakariak aurrekontuen inguruko gutxieneko akordiorako dokumentua aztertu dio koalizioari. Mintegik esan duenez, dokumentua aztertu egingo dute; hala ere, mahai gainean dagoen dokumentu "serio bakarra" osoko bi zuzenketena dela gaineratu du. Gainerako dokumentuek "ez dute ibilbiderik", haren ustetan, eta "zaila" ikusten du une honetan "elkargune batera" iristea. 

PSE-EEk ere gaur aurkeztu die osoko zuzenketa aurrekontuei. Jose Antonio Pastor bozeramaileak azaldu duenez, Urkulluk azken dokumentuan egindako proposamena "hain da gutxienekoa, azkenean ezertan geratzen da".

Pastorrek EAJk duen gutxiengoaren gainean esan du alderdia bera izan zela "oinarri sendorik gabe" agintzera "arriskatu" zena, eta Jaurlaritzak aurrekontuak aurrera ateratzeko duen "erantzukizuna" azpimarratu du.

UPDk ostiralean aurkeztuko du osoko zuzenketa. Uste dute Urkulluren azken proposamenak ez dituela "inolaz ere biltzen" krisi ekonomikoari aurre egiteko beharrezko neurriak.

PPk, akordioa gertuago

Atzo goizean batzartu ziren berriro Urkullu eta Antonio Basagoiti EAEko PPren presidentea. Aurrekontuen inguruko akordioa lortzea errazago ikusten du PPk. PSE-EErekin herenegun batzartu zen lehendakaria.

Lehendakaria oposizioko alderdi guztiei aurkezten ari den dokumentuan etorkizunean izan daitezkeen balizko diru sarreren inguruko "gogoeta" jaso du gobernuak, atzo Josu Erkoreka eledunak jakinarazi zuenez. 

Urkullu, "akordioak lortzeko lanean"

Alderdiek aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketek ez dute Iñigo Urkullu lehendakaria "itsutzen", hark esan duenez. "Akordioak lortzeko lanean" jarraituko duela adierazi du gaur.

Urkulluren ustetan, aurrekontu proiektua ez onartzeak "errealitate ekonomikoa baztertzea" dakar.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.