Eusko Jaurlaritzaren 2015erako aurrekontuak onartzeko akordiorako oinarria adostu dute EAJk eta PSE-EEk. Gainerako alderdiak ari dira horri erantzuna ematen. EH Bilduko Oskar Matutek jakinarazi du osoko zuzenketa aurkeztuko dietela kontuei; Jaurlaritzaren "mututasuna" salatu du, eta gaineratu du Iñigo Urkullu buru duen gobernuak ez duela "interesik" jarri koalizioak mahai gainean jarritako proposamenak aintzat hartzeko. Radio Euskadin egin ditu adierazpenok.
UPDk ere osoko zuzenketa aurkeztuko duela azaldu du Gorka Maneiro legebiltzarkideak. Esan duenez, alderdiak dokumentu bat aurkeztu zion Jaurlaritzari, haien eskaerekin, eta ez dute erantzunik jaso. Haren arabera, "gauza asko" egin daitezke aurrekontuak "hobeak eta sozialagoak" izan daitezen.
PPk, zer egingo duen argitu ez badu ere, akordiorako prestasuna agertu du. "Ogasun sailburuari akordio batera iristeko prest gaudela jakinarazi diogu, baina eurak dira hori bilatzen ahalegindu behar direnak", esan du Anton Danboreneak. Uste du 2015eko aurrekontu proiektuan "enpleguaren sorreraren aldeko apustu argi bat" falta dela, eta horrez gain, "inbertsio falta" dagoela iritzi dio.
Txarli Prieto PSEko ordezkariaren iritziz, 2015. urtean "baliabide gehiago" izango dira "osasunera, hezkuntzara, enplegura, politika sozialetara eta inbertsioetara" bideratzeko. PSE abstenitu egingo da, uste baitu "beste proiektu bat" egin zitekeela: "Ezin gara biziatuta aurrekontu proiektu batekin konprometitu".
Joseba Egibarrek (EAJ) onartu du abstentzio batek kontuak aurrera ateratzea berma dezakeela; hala ere, nabarmendu du Jaurlaritzak "ahalik eta gehien" ase nahi dituela alderdien nahiak. Egibarren arabera, Jaurlaritzak alderdi guztiekin kontrastatu du aurrekontu proiektua, eta "zintzotasun ariketa bat" egin du, mahai gainean baliabideak eta lehentasunak jarrita.