Aurrekontuak

EH Bilduk ez du aurkeztuko Jaurlaritzaren 2019ko kontuen osoko zuzenketarik

Ostirala arte dute epea Eusko Legebiltzarreko alderdiek osoko zuzenketak aurkezteko. Pentsioak eta kalitatezko enplegua dira EH Bilduren "zutoin ukiezinak"; hori ez onartzekotan, aurrekontuen aurka bozkatuko dute datorren abenduaren 11n.

Pedro Azpiazu eta Maddalen Iriarte kontuen inguruko bileran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Maider Galardi
2018ko azaroaren 28a
07:07
Entzun

"Garaiz dago oraindik gobernua. Gobernuaren teilatu gainean dago pilota. Gobernuari dagokio pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko nahikoa izango den eskaintza aurkeztea", irmo azaldu da Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea aurrekontuen inguruan Donostian egindako agerraldian. Hala, Jaurlaritzari "bigarren aukera bat" ematen diotela adierazi du Iriartek. Baina, ongi azpimarratu ditu zein diren koalizioaren marra gorriak: "Gobernuak badaki zeintzuk diren gure bi zutoinak: diru-partida nahikoak bideratzea pentsio baxuenak osatzeko eta osagarriak jasotzeko baldintzak malgutzea".

Izan ere, joan den astean egin zuten aurrekontuak negoziatzeko bigarren bilera, eta akordioaren bila segituko dutela azaldu zuten ondoren bi aldeek. Hala ere, Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuek pentsioentzako emandako diru kopurua "onartezina" dela dio koalizioak: "Hitz egiten ari gara 400 eurorekin bizi diren alargunei buruz. Hitz egiten ari gara senarraren pentsioen menpe bizi diren emakume pobreei buruz. Horiei guztiei gutxieneko duinak bermatu nahi dizkiegu, pentsio osagarrien bitartez", ohartarazi du Nerea Kortajarena legebiltzarkideak.

Honenbestez, atzo Pedro Azpiazu Ogasun Sailburuak esan moduan, ez da EH Bilduren osoko zuzenketarik izango ostiraelean, eta negoziatzen segituko dute Jaurlaritzak eta koalizioak. EH Bilduk, ordea, argi adierazi du aurrekontuen aurka bozkatuko duela datorren abenduaren 11an "ezinbesteko" jo dituen bi oinarri horien inguruan adostasunik lortzen ez badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.