EAEko Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalaren galdeketa araudia indargabetuta utzi duela eta, EH Bilduren udal taldeak Eneko Goia alkateari eskatu dio donostiarren eta Donostiako erakundeen "erabakien defentsa" egin dezala, "dagokion bezala", eta aurkez dezala auzitegian helegitea. "Bestela, Goiak ez du mereziko Donostiako alkate titulua, donostiarren eskubideak eta interesak defendatzea delako bere eginkizun nagusia", adierazi du Axier Jaka koalizioko zinegotziak.
EH Bilduk uste du "oso kezkagarria" dela alkateak helegiterik aurkeztu ez, eta Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluari zezenketen galdeketa egiteko baimena eskatzeko asmoa izatea. "Alegia, Goiak pikutara bidali nahi omen du donostiarrek beraiek sortu eta udalbatzak aho batez onartutako arau bat: donostiarrei Donostiako gaiez erabakitzea ahalbidetzen dien arau bat".
Donostiako Udalak aurreko legealdian onartu zuen galdeketa araudia –duela urtebete–, udal talde denen babesarekin (Bildu, PSE-EE, PP eta EAJ). Hiriko herritarrek eta eragileek ere parte hartu zuten araudia prestatzen. Ondoren hasi zuen Donostiako zezenketen aurkako plataforma batek udalari kontsulta eskatzeko sinadura kanpaina, eta lortu zuen gutxieneko kopurua gainditzea. Alkateak kontsulta hori uda ostean egiteko asmoa iragarri zuen.
Jakak esan du udalak helegitea aurkeztuz gero, herri kontsulten araudiak indarrean jarraituko duela, eta, beraz, zezenketei buruzko galdeketa egin ahal izango dela. "Baina Goiak Madrilen esku utziko du zezenketei buruzko galdeketa egin ala ez, eta behin betiko itxiko du Donostian beste kontsulta batzuk egiteko aukera". Gainera, koalizioaren esanetan, alkatea atzoko adierazpenetan "askoz urrunago" joan zen: "De facto [EAEko] Udal Legea baliogabetu zuen. Ez du Carlos Urkijok [Espainiako Gobernuaren ordezkaria erkidegoan] etorri behar izan helegitea aurkeztera: Goiak atzo adierazi zuen Udal Legeak, Eusko Legebiltzarrak bere alderdiaren [EAJ] eta EH Bilduren botoaz duela hilabete onartutakoak, ez duela balio. Lege horrek baimena ematen die udalei kontsultak egiteko. Hori da Goiak Eusko Legebiltzarrari dion errespetua. Hori da Goiak donostiarren eta euskal herritarren erabakitze eskubideari dion errespetua".
EH Bilduk bat egin du ostiral honetarako Donostiako hainbat gizarte eragilek galdeketa araudiaren alde deitutako elkarretaratzearekin (Alderdi Eder, 19:00).